viernes, 31 de julio de 2020

125 urte sendo eta zindo

Gaurko egunez, 1895ean, Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuten. 125 urte igaro dira eta Alderdiak osasuntsu jarraitzen du, euskal herritarrok ematen diogun babes handia ikusita. Hori lortu ahal izateko ez dago sekreturik; erraza da zer egin behar den jakitea, nahiz eta hori ondo betetzea ez den horren erraza: egunez egun, gizartearen beharrak entzun eta horien alde egiteko lan handia egin.

Azken hauteskundeetan ere, EAJ-PNVk euskal gizartearen babes nagusia jaso du. Gure belaunaldiak inoiz ezagutu duen osasun eta ekonomia egoera larrienari aurre egiteko, herritarrek sustraiak sendo eta hostoak zindo dituen alderdi baten eskuetan jarri du beraien etorkizuna bermatzeko ardura. Eusko Legebiltzarra berritu da eta laster Jaurlaritza berria osatu behar da; hauek badute lana aurretik, hurrengo ikasturtea erronkaz beteta dator eta.

Lehendakariak ere sendo jarraitzen du bere lanarekin. Gaur Estatuko autonomia erkidegoetako presidenteak elkartu dira Gobernuko presidentearekin eta Iñigo Urkullu ez da bertaratu Pedro Sanchezen Exekutiboak Itun Ekonomikoko Batzorde Mistoa irailaren lehen hamabostaldian batzartzeko konpromisoa hartu duen arte; gainera, Euskadirentzako %2,6ko defizita eta %15,9ko zor publikoa onartu dute 2020rako. Egunez egun, gizartearen beharrak entzun eta horien alde egiteko lan handia egin.

Aurtengo ikasturtea bereziki zaila izan da eta abuztuaren atarian izan arren, lanean jarraitu behar da. Ikasle garaian, oporrak heltzerakoan, jolastea edota hondartzara joatea izaten genuen buruan baina, nota onak atera arren, ariketa liburuak bete behar izaten genituen. COVID-19ak gure artean jarraitzen du, enpresetan kaleratzeak iragartzen ari dira... Lana amaituta dagoela uste izatea akats handia dela ikasi dugu; hurrengo ikasturtean erronkak handiagoak eta zailagoak izaten dira beti, eta horietarako prestatzea ezinbestekoa da. Horrela izan da duela 125 urtetik hona, baita lehenago ere, eta aurrerantzean ere horrela izango da. Ekin diezaiogun lanari, sendo eta zindo.


sábado, 25 de julio de 2020


Brotxa lodia

Nahiz eta hauteskunde kanpaina orain dela aste batzuk bukatu zen, orduan bizitako giro politiko gaiztotuak, brotxa lodiz margotzen jarraitzen duten pintore politikoek, oraindik gure artean jarraitzen dute.

Artelana osatzeko baino kamuflajerako prestatu zuen Iturgaitzek bere koloreen paleta. PPren urdinarekin ziria sartzeko ahalegina euskal herritarren artean ezin disimulatuz, Ciudadanosen laranjarekin saiatu da nahasketa egiten, emaitza ezin desegokiagoa lortuz Gernikako gure Lege Zaharren Zuhaitzari berezkoak ez dituen itxura eta esanahia aldatu nahian.

Bestalde, azken urteotan estiloa aldatu duena EH Bildu izan da. Halere, nahiz eta espraia alde batera utzi duten (oraindik ere batzuek grafitiak atsegin badituzte ere), espainiar estiloaren influentzia hartu dute, pintzela baino brotxa lodia nahiago izan dutelako, Madrilgo Gortean denok lotsarazten gaituen politika egiteko erabiltzen den estiloa Euskal Herrira ekarriz. Baina estiloaz gain, koloreak ere konpartitzeko arazorik ez dutela erakutsi dute; horrela, Eusko Legebiltzarrean ez dute inongo gupidarik izan PPrekin adostasunak lortzeko, horrela EAJren berdea ezabatzeko baldin bada.

Ezagun da pigmentu guztiak gaizki nahastuz gero ateratzen den kolorea beltza dela; eta hain zuzen ere, beltza izango da aurretik dugun bidea, pandemiari eta honen ondoriozko ekonomia krisiari edota hezkuntza eta kulturan ditugun erronkei gai guztiak zikinduko dituen brotxa lodiz ekiten badiegu. EH Bilduk bere koloreak, bere baloreak eta non kokatzen den aukeratu beharko ditu, eta ea euskal gizarteak ulertzen duen. Argi dagoena da, etorkizuna oinarrizko balore komun batzuk ditugunen arteko adostasunekin margotuko dela.

viernes, 17 de julio de 2020


Aldaketa

Aldaketa hasia omen da. Joan den igandeko hauteskundeen ostean, bigarren indar politikoak ikaragarrizko pozez ospatu zituen lortutako emaitzak. Aurreko deialdiarekin alderatuz, botoen eta ordezkarien igoera lortu izanak “aldaketaren hasiera” iragartzen omen du.

Matematikak egoskorrak direla jakinik, datuek EH Bilduk 2016an lortu zituen datuen  igoera hori erakusten dutela onartu behar da. Horrek aldaketaren hasiera esan nahi du? Beraiek erabilitako esaldiaren mezuak, argazki finko bat baino, joera bat aditzera ematen du. Horregatik, joerak neurtzeko bilakaera bat behar delako, ez litzateke gaizki egongo lau urte atzerago egitea eta 2012ko hauteskundeetan jasotako datuak ere aztertzea.

Eta, hara! Lehen begiradan ikusten duguna da EH Bilduk ospakizun handiz eskuratu berri dituen eserleku berberak zituela duela zortzi urte: hogeita bat. Eta EAJk? Hogeita zazpi eskuratu zituen; hau da, gaur egun orduan baino lau ordezkari gehiago ditugu Legebiltzarrean. Boto kopuruan, izandako igoera azpimarratu zuten behin eta berriz, baina gutxik aipatu dute orain irabazitakoak bikoiztu egin beharko lituzketela 2012an lortu zituzten kopuruetara heltzeko; dituzten 249.000 bototik duela zortzi urteko 277.000etara heltzeko.

Eskolan ikasle nintzela “EAJko zaharrak hiltzen doazen heinean ezker abertzalekoak nagusitzen joango gara” entzun nuen behin baino gehiagotan. Tamalez, nik nahi baino urte gehiago igaro dira orduz geroztik baina, zorionez, gaur da eguna EAJk berriz ere hauteskundeak argi eta garbi irabazi dituela. Joera, beraz, ez da batzuek aditzera eman nahi dutena, baizik eta euskal gizarteak askatasun osoz behin eta berriz erakusten duena.

viernes, 10 de julio de 2020


Zuona da hitza

Zuona da hitza! Herritarrok, gaur amaitzen da hauteskunde kanpaina eta igandean zuon botoekin Eusko Legebiltzarreko ordezkariak aukeratuko dituzue. Aukeratuko ditugu. Hilabete batzuen ostean, osasun egoera larria eta honen ondoriozko krisia sendo gestionatu beharko duen Jaurlaritza indartsua osatuko da eta ez duzue hutsik egingo aukeraketan!

Zuona da hitza! Batzuek gizarte gaixoa garela diote, beste batzuek gizarte ezkertiarra baina gaizki bozkatzen omen duena, eta entzun izan dugu, baita ere, Eskandinaviako gizarte modernoak bezalakoak ez garela penaz adierazi dutenak. Azken finean, euskal herritarrak ezjakintzat jotzen gaituztenak botoaren bitartez beraiena ez den alderdi batengan jartzen dugulako gure etorkizunaren konfiantza.

Zuona da hitza! Hitzak, euskarazko hitzak, asmatuak direla esan du oraintsu Sasifilologoren batek, bere alderdiaren izena herritarren hitza edo ahotsa omen dela jakinarazteko latina erabiltzen duten bitartean; hizkuntza hila, hain zuzen ere, beraien politika ustelak bezala.

Zuona da hitza! Hori da demokraziaren altxorra. Gizarte anitz batean bizi gara eta horren erakusgarri izango da igande gauaren ostean osatuko den Legebiltzarra ere. Bertan lortuko diren adostasunak behar-beharrezkoak izango dira datozen urteotarako Euskadi eraikitzen jarraitzeko. Oinarri sendoak behar ditu gure Herriak, eta zenbat eta zuon hitz gehiagorekin osatu, orduan eta  sendoagoa eta indartsuagoa izango da.

viernes, 3 de julio de 2020


Azterketaren atarian
Nork ez du ezagutzen azterketa baten atarian, ikasturtean zehar ikasi ez izanagatik, gau-pasa eginez edota txuletak prestatuz bere prestakuntza eza nola edo hala konpontzen saiatu den pertsonaren bat?
Ideia hau ekarri dit gogora aste honetan Senatuan Nerea Ahedo taldekideak egindako hitzaldiak. PPk osasunerako Estatu Itun bat egitea eskatu du, nonbait COVID-19ak eragindako egoerak beharrizan hori sortu omen duelako. Berau Kongresuan martxan dagoen Berreraikuntzarako Batzordean 10 eguneko eztabaidaren osteko ondorioetan oinarrituko dela iragarri dute. “Hamar egun Espainia berreraikitzeko!”, barre egin zien Nereak.
Egia da pandemia hau gestionatzea ez dela erraza izan inongo gobernu edo agintarirentzat, baina onartu beharra dago erantzuna eta eragina desberdinak izan direla tokien arabera. Izan ere, honi erantzun egokia emateko ez da nahikoa 10 eguneko hausnarketa, ezta hiru hilabeteko gestioa; azken hamar urte edo hamarkadatan zehar egiten den antolaketa batean oinarritzen da, Euskadin egin den bezala. Inork espero ez zuen tamainako osasun larrialdiari eman beharreko erantzuna ez da egun batetik bestera antolatzen den zerbait.
Eta orain, ikasgelakoen notaren batez bestekoa txarra izan denean, soluzio azkar eta orokorrak bilatzen hasiak dira, ikasle bikain, erdipurdiko zein txuletadunak zaku berean sartuz. Osasun arloan urteetan zehar inbertsio handiak egin dituztenak, horretan hainbeste gastatu ez dutenak zein pribatizazioaren aldeko hautua egindakoak maila berean jarri eta, adibidez, Europatik etorritako diru laguntza bereziak banatzerako irizpideak markatzerakoan populazioaren arabera edota hildakoen kopuruaren arabera egiteko eskatzen dute, edota Autonomia Erkidegoen esku dauden osasun eskuduntzak birzentralizatzerako bidea hartzen dute.
Hauteskunde kanpainan gauden honetan, asko izango dira, baita ere, euren programa eta hitzaldietan uztailaren 12ko azterketa nola edo hala gainditzeko azken orduko burutazioa edo txuleta aterako dutenak. Beste batzuk ibilbide akademiko errealista bezain eraginkorra izaten jarraituko dugu. Osasun arloari dagokionez: ondo funtzionatzen duen egitura sendotuz eta, horretarako, gure eskuduntzak kanpoko erasoen aurka defendatuz. Etxeko lanak ondo eginda goaz azterketara.

viernes, 26 de junio de 2020


Zutik
Kanpainan gaude! Kanpaina ofizialean, esan nahi dut, Gobernuetan ez dauden alderdiek, beste ardurarik ez dutela argi erakutsiz, etengabeko kanpainan aritzen direlako urte osoan zehar. Oraingoa kanpaina berezia da, osasun neurriek eragin handia izango dutelako bai ekitaldietan eta baita guztion gogoan.
Dakizuenez, EAJren leloa ‘Zutik’ izango da. Egoera latz honi tinko aurre egingo diogulako, eragingo duen krisialdi ekonomikoari ere tinko aurre egingo diogun bezala. Bidean geratu diren hainbat pertsonaren biziak inoiz berreskuratuko ez ditugun galera ikaragarriak sufritu arren, burua altxatu eta Euskadi etorkizun oparo batera helarazteko lan egingo dugulako. “Indarrak alkartu eta goazen hauzira”, Alderdiak aukeratu duen abestiak dioen bezala. Zutik, baita ere, EAJk azken 125 urteotan egin izan duen bezala, herriaren nahi eta beharrizanei lotuta eta idealei sekula bizkarra eman gabe.
Denek ezin dute gauza bera esan. Batzuk politikara heldu baino ez dira egin eta beraien hotsandiko aldarrikapenen oihartzuna itzali baino lehen atzera egiten dute. Aste honetan Podemosek aberastasun handiak dituztenei zergak igotzearen promesa baztertu du, hori bai, uko egiten ez diola berriz aginduz. Lehenago ere antzekoak ikusiak gara: amnistia fiskalean onuradun izan zirenen zerrenda jakitera emango omen zuten, baina Gobernura heldu ostean… bai baina ez; GAL ikertzeko Batzordea sortzeko beharrik ere ez dute ikusi… edo beharbada bai. Zeruraino heltzeko asmoa zuten baina purgatorioan nora ezean dabilen ezker abertzalearekin topo egingo dutela ematen du.
Garai zailak datoz eta guztiok dugun guztia eman beharko dugu egoera honetatik indartsu ateratzeko. Denok batera zutik jarraitzea lortuko dugu.

viernes, 19 de junio de 2020


Tartekoak eta bitartekoak
Normaltasun berrian sartu gara gaur Euskadin. Oximoronetik oso gertu dagoela iruditzen zait termino hau, kontraesankorra egiten zaidalako normala iruditzen ez zaiguna normala izan behar izatea. Azken batean, gaur, Erkidegoa bere eskumen guztien jabe egin da berriz eta alarma egoeraren harira ezarritako ezohiko neurriak indargabetu egin dira; hori bai, gure osasuna mantentzeko garrantzitsuak diren zenbait neurri hartzen jarraitu beharko dugu. Horretan datza normaltasun berria.
Ia ehun egun hauetan bizi izan ditugun gertaerak gestionatzea zaila izan da, are gehiago Gobernu ardurak izan dituzten agintarientzat. Gure belaunaldiak bizi izan duen osasun egoera larrienaren aurrean, ordea, oposizioan izan direnak nahiago izan dute, ikaragarrizko erronka honen aurrean laguntzea baino, krisialdia bitartekotzat hartu eta trabak jarri gobernu horiek ahultzen ahalegintzeko.
Gure artean ere ez da falta izan horrelakorik. PP-C’s batuketaren buru den Carlos Iturgaitzek esaldi argigarri bat utzi du aste honetan: “Euskadiko hauteskundeak Sanchez eta Iglesias Moncloatik ateratzeko tarteko helmuga” izatea espero duela. Honekin, nabarmen erakusten du bere jomuga bakarra Madril dela: bai abiapuntu bezala, estrategia han erabakitzen delako, eta bai helmuga bakar bezala, helburu bakarra Moncloa, Estatua, delako. Euskaldunon interesak “tartekoak” dira; hau da, euskaldunak bere bitartekoak baino ez gara.
Eta Iturgaitzek ‘Euskal Bizikleta’ ‘Espainiako Itzulia’ prestatzeko erabiltzen duen bitartean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren gurpilean makilak sartzen jarraitzen du. Zaldibarreko ezbeharra inguruko biztanleen artean kezka zabaltzeko eta Koronabirusa, besteak beste, herritarren bozka bitarteko hitza isilarazteko erabili eta gero, orain euskaldunon mesederako izango diren hiru transferentzia egiteko ekainaren 25ean batzartuko den Transferentzien Batzorde Mistoa bertan behera gera dadila eskatu dute, erabilera elektorala egiten omen dela salatuz. Hau da, alderdikeria herritarren interesen gainetik: herritarrak bitarteko bezala. Zenbait egoeratan, betiko normaltasunean jarraitzen dugu.