Trukoa
ala tratua
Halloween ez da gure herriko jatorrizko ohitura baina, azken urteotan modan
jartzen ari denez, estatubatuarrek erabiltzen duten ‘trukoa ala tratua’ esaldia
erabiliko dut nik ere Franco hobitik ateratzeko gauzatu den prozesuaz aritzeko.
Trukoa nabarmenegia izan da. Guztiok ados gaude Alderdi Sozialistak ekintza
honen erabilera elektorala egin nahi izan duela, ezin da ulertu bestela
hauteskunde atarian nahitaez egin behar izana. Epaileen oportunismoak horretarako
aukera eman diote Sanchezi eta aprobetxatu nahi izan du… baina oso gaizki egin
du. Azkenean, biktimen gorazarrerako izan behar zena Francoren gorespenerako izan
da.
Ekitaldi diskretua izan behar zuela esan zuten arren 17 herrialdetako 500
kazetari izan ziren inguruan albistea jarraitzen. Tira, agian erakutsi
beharreko ekintza zen; aukera aproposa munduari erakusteko Estatuko historiaren
orrialde lotsagarri bati amaiera ematen zitzaiola. Baina munduak ikusi duena,
denok ikusi duguna, diktadorearen gehiegikeriek aberats egin zuten familiartekoek
sorbalda gainean atera dutela hilkutxa, Memoria Historikoaren Legearen kontra
egiten duten ikurrak eta Francoren aldeko oihuak… Dena telebistaz eta zuzenean.
Penagarria.
Alderdi politikoen erreakzioei dagokienez, batzuk harrigarriak egin zaizkit
nahiz eta egileengandik asko gehiago espero ez: “Badago zer egin hoberik”, esan
du PPko Alvarez de Toledok; “Francoren hilotzarekin zer egin berdin dit",
jarraitu du Ciudadanoseko Riverak. Ez, ez da berdin. Nola izango da, bada,
berdin hainbeste hildako eragin zuen gerra eta diktadura odoltsu baten
arduradun nagusia bere gorazarrerako egindako monumentu erraldoian jarraitzea?
Tratua ona izan da. Zalantzarik gabe, albiste ona da 44 urte berandu etorri
arren, horietako asko PSOE Gobernuan izan dela. Ona da Estatu espainiarra
lotsagarri uzten zuen irregulartasun demokratikoetako bati amaiera ematen diolako.
Horietako bati diot, oraindik asko geratzen direlako konpontzeko. Eroritakoen
Haranaren gaira mugatuz, ez dugu ahaztu behar 1.231 euskal herritar bertan hilobiratuta
jarraitzen dutela; ez dugu ahaztu behar monumentuak alde bakarrekoen ekintzak
azpimarratzeko bakarrik erabili dela eta behar-beharrezkoa dela honi esanahi
berria ematea, heziketarako erabiliz: historia irakasteko eta hainbeste sufritu
dutenentzako memoria, oroitzapena eta justizia jasotzeko. Hainbeste lan dago egiteko...
No hay comentarios:
Publicar un comentario