Banderarekin astinduz
Politikan ohikoa da alderdiek gai bat aukeratu eta
bandera moduan erabiltzea horrekin herritarren babesa lortzeko asmoz. Halere, sarritan
batzuek nolabaiteko iruzurra egiten dute norgehiagoka horretan erabakiak
hartzeko erantzukizunik ez dutela aprobetxatuz. Oposizioan, izan ere, erraza da
demagogia egitea.
Egunotan, koronabirusa ia hizketaldi guztietako
protagonista nagusia da. Etxetik irten ezinik egon beharra eragozpenik handiena
dirudien arren, ez dauka parekorik gaitza sortzen ari den gaixo eta
hildakoekin; hori da benetako arazoa. Kezka eta beldurra nagusi diren testuinguru
honetan errazena da osasunaren bandera astindu eta norbera inor baino
arduratuago bezala agertu nahi izatea: itxialdi osoak proposatuz, lan jarduera
erabat gelditzea exijituz… Hori planteatzen dute oposiziotik, hori egiten ez
duen Gobernuari bestelako interes ilun batzuk egotziz.
Jakina, denok ados gaude garrantzitsuena herritarren
osasuna dela, inolako zalantzarik gabe, baina ez dira gauza bera lehentasuna
eta esklusibitatea. Eta hor dago diferentzia: Gobernuak hainbat gairi heldu
behar diola bere ardura guztiak betetzeko eta oposizioak nahikoa duela gai bakar
horri heldu eta bandera astintzea agintean daudenei beti neurri gehiago, beti
irtenbide hobeago edota beti erabaki egokiagoa exijitzeko.
Gaztelaniazko esaera bat erabiliz, errazagoa da
predikatzea garia banatzea baino. Gobernuei garia banatzea dagokie eta oposizioei
betebehar hori ondo egin dadila zaintzea eta eginkizun hori hobetzeko proposamenak
egitea. Oposizio lan hori gai bakoitzak izan ditzakeen ondorio guztiak kontuan
hartu gabe egiten dutenek, berdin askatasun eskubideen ikuspegitik zein ekonomi
jardueraren adar konplexu guztiak aztertu gabe, ardura gabe jokatzen dute.
Horiek ezin dira inoiz gobernura heltzeko moduko alderdiak izan, ezta oposizioa
egiteko erreferente baliagarria ere; gehienez ere, banderak astintzen
jarraitzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario