Etiketak
Eguneroko
bizitzan, eta politikan ere bai, ohikoa da pertsona edo talde bat definitzerakoan
bere ezaugarriak laburbiltzen dituen etiketa bat jartzea. Batzuetan bidezkoak izaten
dira eta beste askotan ez. Politikan, azken urteotan, etiketa eta adjektibo
gehiegi erabiltzen da, substantibo sustantziadunak bigarren mailan utziz.
Ezkerra eta
eskuina aspalditik eta mundu guztian ezagunak diren etiketak dira politikan,
azken urteotan lehena positibotzat hartuz eta bigarrena pentsaera zaharkitutzat
joz. Euskadin, ezker eta abertzalea etiketak bere gain hartu zituztenek,
eskubikotzat hartzen gaituzte EAJko abertzaleak, gu gutxietsi nahian. Estatuan,
bestalde, alderdi biren arteko gobernua progresista dela behin eta berriro
errepikatzeko beharra dutenek jai giroan ospatu dute asteon Gutxieneko
Diru-Sarrera onartu izana. Egoera txarrenean dagoen jendeari gutxieneko baliabideak emateko araudia duela 30 urte jarri genuen martxan Euskadin, gure jarrera eta gizarte politika benetan aurrerakoiak direla argi utziz.
Izan ere, aurrerakoiak
edo zaharkituak izatea ekintzekin erakusten da, adjektibo edo etiketekin baino.
Ezkertiartzat eta abertzaletzat duen joera politikoa biltzen duen koalizioaren
idazkari nagusiak XIX. mendeko politikak edo XXI. mendekoak defendatzen
dituzten alderdien artean aukeratzera deitu zuen hilabete barru egingo ditugun
hauteskundeetan. Imajinatzen dut bere ustez zein izango den bata eta zein
bestea; nik dakidan bakarra da nortzuk hasi diren mende honetan egiten guk
aurrekoan egiten hasi ginenak. Horren adibide da aipatutako Gutxieneko
Diru-Sarrera, EAJ herritarren alde lan egiten ari zen bitartean beste batzuek erakundeetan agertzeko asmorik ere ez zutenean.
Azken 40
urteotan euren burua ezkertiartzat duten abertzaleek zertan aritu diren ez dut esango,
beraiek ez dutelako nahi hori gogorarazterik. Halere, zaila egiten da batzuetan
isilik geratzea, joera politiko horretako buruzagiek sare sozialetan Euskal
Herria irudikatu nahian suge narrasti bat erakusten duen bideoa argitaratzen
duenean, edo beste batek esaten duenean ez direla azetonarekin ezabatzen presoen
heriotzak, zinegotzi bat tiroz hil zuen preso baten protesten harira. Gai
horiek aipatzen ditugunean gainditutako garaien inguruko etiketa jartzen diegula
aurpegiratzen digute, haiei aurre egiteko beste argudiorik ez dugula nabarmenduz,
baina horrelakoak entzutean, beraien helburua justu horixe egin dezagula dela ematen
du. Probokazioa edo amnesia, hemen bakoitzak bere etiketa eraman behar du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario