Erreferendumak eta Senatuko 155 zenbakia
Duela
egun gutxi, Vozpopuli egunkari digitalerako hiru hilabetez iritzi artikuluak egiten
aritu ostean, aurrerantzean hauek ez zituztela argitaratuko jakinarazi zidaten;
arrazoia, Auzitegi Gorenerako bidean Francesc Homs Presidentari babesa eman
niola idatzi nuela eta horrek medioaren linea editorialaren kontra egiten duela.
Hain zuzen ere, Espainiaren batasunaren aurka agertzen direnen alde egitea euren
orrialdeetan onartu ezin duten marra gorria omen da. Dirudienez, komunikabideak
Konstituzioaren 155. artikulu partikularra aplikatu dit; aitzitik, nik Senatuan
okupatzen dudan 155. eserlekuak ematen didan bozgorailua erabiltzen jarraituko
dut.
Lehen aipatutako egunkari
digitalean eta Estatuko beste guztietan bi albiste agertu ziren atzokoan, bata
bestearen atzean, irudimenak baino marrazten ez dituen marra gorririk gabe:
batean, Artur Mas Kataluniako Presidentaren bi urterako kargugabetzeaz hitz
egiten zen; bestean, Nicola Sturgeon, Eskoziako Ministro Nagusiak 2018ko
udazkena eta 2019ko udaberria artean herrialde horren independentziaz
erabakitzeko erreferenduma egingo zela iragarri zuela jakinarazten zen.
Espainia
eta Erresuma Batua Europako Batasuneko kide diren herriak dira (momentuz,
behintzat): herri modernoak, ekonomikoki indartsuak, batak 47 milioi inguru biztanle
ditu eta besteak 60 milioi inguru…; biak mundu berdintsuan mugitzen dira, globala,
lehiakide berdintsuekin, errealitate eta arazo berdintsuekin… Halere, demokraziaren
esanahiaz duten irizpidea guztiz desberdina da: Kataluniako Parlamentak hartutako
erabaki bat gauzatzeagatik, Mas kargugabetu egin du Estatu espainiarrak;
Erresuma Batuan, ordea, horrelakorik bururatu ere ez zaie egiten, ezta
galdeketa debekatzea ere, egiten dutena da eskoziarrak motibatzen ahalegindu
Erresuma Batuan gera daitezen.
Duela
aste bete SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko parlamentari batekin batzartzeko
aukera izan nuen: prozesuaz hitz egin genuen, Brexit delakoaz eta honek Europan
izango zuen eraginaz… Bere iritziz, honek 2014an eman ziren baldintzak guztiz
aldatzen ditu, eta aldaketa kualitatibo horrek beste erreferendum bat egitea
justifikatzen du eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitu nahi duten ala ez
jakiteko, edo, beste modu batera esanda, Europako Batasunean jarraitu nahi
duten ala ez jakiteko, Erresuma Batua baita alde egin nahi duena. Hori bai,
inondik inora aurreikusten ez zuena zen Downing Streeteko Gobernuak galdeketa
debekatu edo oztopatuko zuenik.
Zein
ondorio atera daiteke egoera hauek ikusita? Estatu biek demokrazia bi modu
ezberdinetan ulertzen dutela: Erresuma Batuak demokrazian sakondu nahi du eta
herritarren iritzia jakin nahi du; Espainiak demokrazia gauzatu nahi dutenak
zigortu egiten ditu.
Bitartean,
Espainiako Gobernuan agintzen ari den Alderdi Popularrak Euskadiko 15.
kongresua egingo du asteon. Euskadiren etorkizunean protagonista izan nahi omen
dute ‘popularrek’, baina euren jokabide zurrunarekin gero eta ordezkaritza gutxiago
lortzen ari dira lurraldetasun arazoa duten herrietan, nortasun desberdina
duten Estatuko nazioetan, demokrazian sakontzeko nahia duten lurraldeetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario