Argia eta itzala
Uztailaren 18a heltzen den
bakoitzean egun beltza etortzen zaidanez burura, aurtengoan argi pixka bat
ematen dion gertakari bat ekarriko dut gogora. Izan ere, horrelako egun batean
jaio zen, duela 99 urte Hegoafrikako Mvezo herrian, XX mendeak eman duen
pertsonaia garrantzitsuenetako bat: Nelson Mandela. Horregatik, 2009az geroztik
bere omenezko nazioarteko eguna izendatzea erabaki zuen Nazio Batuetako Batzar
Nagusiak.
Giza eskubideen alde eta
bere herrian beltzak baztertzeko aplikatzen zen Apartheidaren aurka egiteagatik
hogeita zazpi urtez espetxean izan ostean Hegoafrikako Presidente izatera heldu
zen, eta bakea, askatasuna eta gizartearen adiskidetzea izan ziren bere
jardueraren ardatzak.
Nazio Batuek gatazkak
konpontzen, arrazen arteko harremanak lantzen, giza eskubideak sustatzen,
adiskidetzea bultzatzen eta beste hainbat arlotan egin zituen lanei gorazarre
egiten die, eta gaurko eguna espetxeratuta daudenen baldintzak hobe daitezen
sustatzeko ere izan dadila erabaki zuen duela bi urte, hauek gizartearen parte
garrantzitsua direlako jakitun.
Egun berezi hau gogoratuz argi
pixka bat eragin nahi nuen baina, jakina, argia dagoenean itzala ere sortzen
da, eta Estatu espainiarrean egun honetan gogoratzen den ekintzarekin eta 81 urte
geroago bakea eta adiskidetzearen alde emateko falta diren pausoak ikusita, oraindik
itzal gehiegi dagoela uste dut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario