Politika, salbuespen egoeran
Gezurra dirudi, baina gaur egun albiste da alderdi politiko desberdinen
arteko kideen artean elkarrizketak izatea. Arrunta izan beharko litzateke
legebiltzarkideen artean hitz egitea baina, nonbait, arraroa, ezohikoa, berezia
bihurtu da.
Normal eta ona ikusten dut politikariok kritikatzea, komunikabideen
begiradapean egon eta epaituak izatea, baina aspaldi honetan horren ondorioz
alderdi politikoak ahultzen ari dira eta hori ez da inondik inora logikoa.
Atzoko gertakizun bat esaten ari naizen isla da. Alderdi Popularreko
Bilboko zinegotzi batek barkamenak eskatu behar izan ditu Gabon giroan egindako
ekitaldi batean, beste batzuen artean, EH Bilduko beste zinegotzi batekin topa
egin zuelako jaso zituen kritikengatik. Ez da lehen aldia antzeko egoera
bategatik beste alderdi politiko batzuetako beste kide batzuk kritika zorrotzak
jaso dituztela, izan ere noranzko horretara zuzentzen ari da politika pixkanaka-pixkanaka.
Nagusitzen ari den jokabidearen eraginez, alderdi politiko gehienen
estrategia epe motzera begira dago: titularra, albistea, txioa,
deskalifikazioa, oztopoa, esaldi ingeniosoa… Baina politikak epe luzerago
begirada behar du: iparrorratza argi izatea, pauso sendoak ematea, pazientzia
izatea, elkarrizketa indartzea, diskrezioa mantentzea, konfiantza lantzea, lan
egitea…
Ikusten ari garen moduan, epaileen jarduna politikari gailentzen ari zaio
Estatuan, baina alderdien jokabideak ere konplize dira politikaren pisu galtze
horretan, izan ere politika husten ari dira; politikak berezko dituen
elkarrizketa eta akordioak bilatzeko ahalegina salbuespenak direla ematen du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario