Edukia
hustu
Aurreko
astean, senatariok kargua hartu genuenean, Alderdi Popularreko Rafael Hernandok
Konstituzioari men egiterakoan jeltzaleok erabiliko genuen formulaz galdetu
zidan pasilloetan. Egun horretan eratu ziren bai Senatua eta baita Kongresua
ere, eta zenbait alderdi politikoetako ordezkariek erabili zituzten formulek
Itun Nagusiaren edukia hustu egiten dutela iritzita, PPkoek Auzitegi
Konstituzionalari diputatu eta senatari bihurriek esandakoak aztertu eta guztiei
dagozkien neurriak aplika diezazkietela eskatu diote.
Hizkuntzak
baliatzen dituen ihesbideak “adarra jotzea” direla esan du, serio eta irmo,
Arabatik Kongresurako hautagaitzarekin herritarren porrota jaso eta gero
Segoviako Sotosalbos herrian erroldatu ostean bere alderdiak Senatuan
Gaztela-Leon ordezkatzeko hautatu zuen bozeramaileak.
Ez
dut ulertzen nolako kezka duten zenbait politikarik formekin edukiekin batere
arduratzen ez diren bitartean. Edukia hustea eta adarra jotzea, benetan, lege
edo arauen itxurari hainbesteko garrantzia eman eta mamiari lepoa ematea da.
Konstituzioari zin egiteko formulak aho betez oihukatu eta testuan jasotzen
diren arauei ezikusiarena egitea hipokresiarik handiena da.
Barkatu,
hori ez da guztiz egia; Itun Nagusiaren bigarren artikulua euren zereginen
zerrendan lehena izaten da beti: espainiar Nazioaren batasun banandu ezina
jasotzen duena… nazionalitateei egiten zaion erreferentzia izan ezik, noski,
hori zalantzan jartzen dute euren kriterio selektiboarekin. Horretara mugatzen ote
da beraien Konstituzioa? Irizpide hori ote da alderdi politikoak ‘konstituzionalistak’
diren ala ez erabakitzen duen bakarra? Eta zer gertatzen da beste hainbat artikulutan
jasotzen diren hainbat gairen inguruko hainbat eta hainbat eskubide eta
betebeharrekin?
Eta
Konstituzioaren blokearen barruan dauden eta Lege Organiko diren Autonomia
Estatutuak ez betetzearen aldeko ekimenak gauzatzen dituzten alderdiak Konstituzioaren aldekoak al dira? Duela gutxi,
Auzitegi Konstituzionalak Euskadiren aldeko beste sententzia eman du, oraingoan
Gizarte Segurantzaren gestioa Erkidegoari dagokiola ebatziz; beteko al du
oraingoan Estatuko Gobernuak? Rajoyk
oraintsu jakinarazi du, harrotasunez,
bera presidente izan den aldian ez diola Euskadiri transferentzia bakar bat ere
eman, Estatutuaren arabera dagozkion eskumenak izan arren; hori ez da ez
konstituzionala, ez legezkoa, ez bidezkoa.
Edukia
husten duten bakarrak edukiari berari huts egiten diotenak dira. Bestelako
guztia itxurakeria baino ez da; hori bai adar jotzea!
No hay comentarios:
Publicar un comentario