Demokrazia
eta legea ez dira gauza bera
Kataluniako egoera nahasian hainbat hari
muturri tiraka dabil Espainiako Gobernua, korapiloa ahal den eta gehien
trabatzeko. Azken-aurreko tenkada independentziaren inguruko galdeketa egin
dadin laguntzeko prest azaldu diren alkateen aurka egin du Alderdi Popularraren
exekutiboak, modu maltzurrean jokatuz. Azkena, oraingoz, Generalitatearen
interbentzio ekonomikoa egiteko saiakera da. Argi dago urriaren 1a arte bide
honi jarraipena emango diotela.
Alkate eta Euskadiko Udalen Elkarteko
presidente izan naizen heinean, ongi dakit udalburuen lana dela politika mailan
aberasgarriena. Herritarren kezkak eta pozak zuzenean jasotzen ditu alkateak,
baina, aldi berean, lehen lerroan lanean diharduen ordezkari ahulena ere bada.
Horretaz baliatu nahi du Mariano Rajoyk kataluniarren erreferendumerako
apustuan beste zirrikitu bat irekitzeko.
Rajoyk berak modu
baldarrean adierazi nahi izan zuen bezala, herritarrek aukeratzen dute alkatea,
horregatik, inork imajinatzen al du alkate bat bere herriaren borondatearen
aurkako erabakiak hartzen? Erraza da Moncloako bulegoetatik telefonoa hartu eta
hori exijitzea, baina arduragabekeria politiko bat ere bada.
Aristotelesek esan ohi
zuenez, korapilo bat askatu ahal izateko, aurreneko eginbeharra korapiloa nola
sortu den jakitea izango litzateke. Rajoyk jakin beharko luke Kataluniako
gizartea oso haserre dagoela azken urteotan Espainiako Gobernuak eginiko
kudeaketa txarrarekin, 2010. urtetik hona bereziki. Beraz, gai hau konpondu
nahi badu, atzera begiratu beharra dauka eta non huts egin den ikusi. Egia
esanez, urriaren 1eko erreferenduma bere arazoen artean txikienetakoa izan
daiteke.
Aristotelesi jaramon
eginez, azter dezagun zergatik sortu den giro hau Katalunian. 2003. urtean hasi
zen arazoa ari gara bizitzen orain. Orduko hauteskundeetan Artur Mas buru zuen
CiUk eskuratu zuen eserleku gehien Parlamentuan, baina Tinelleko Itunari esker,
ERCk PSCko Pasqual Maragalli eman zion babesa Generalitateko Presidentea izan
zedin. Horrela egin zuen hurrengo legegintzaldian ere, Kataluniako Estatutua
negoziatu behar zen legegintzaldian.
Estatu mailan, Zapatero
zen sozialisten hautagaia Moncloa biderako konpainian eta Kataluniako
Legebiltzarrak onartutako testua errespetatuko zuela agindu zuen. Esaldi
borobil hura esan eta gutxira, sozialistak bi gobernuetako agintean zirela,
zapatariak zapata ardurak utzi eta arotzarenak hartu zituen eta Kataluniako
Legebiltzarrak onartutako estatutua zepilatu egin zuen,
Alfonso Guerrak Sestaoko mitin batean lotsarik gabe esan zuenez. Azkenean,
Gorteetatik atera zen dokumentuak ez zeukan zerikusirik sartu zenarekin.
Mozketak mozketa,
Estatutuak aurrera egin zuen eta Kataluniako herriak baiezko botoa eman zion.
Erreferendumean parte hartzea eskas xamarra izan zen, eta hori erne egoteko
moduko abisua izan zen. Ilusioz beteriko momentu bat izan beharrean bi
lagunetik bat ez zen bozkatzera joan, eta horrek zer pentsatua eman behar zuen.
Hori gutxi balitz, Rajoyren PPk Estatutu berriaren kontrako sinadurak bildu
zituen; gehienak Kataluniatik kanpokoak ziren, baina jokabide horrek argi
erakutsi zuen PPri bost axola zitzaiola Erkidego baten kontra joatea, trukean
boto batzuk eskuratu ahal bazituen.
Benetan harrigarria da
Kataluniako Legebiltzarrak, Espainiako Kongresuak eta Senatuak, eta
kataluniarrek onartutakoa, Auzitegi Konstituzionalak nola utzi ahal duen bertan
behera. Hor dago gakoa, hor dago korapilo honen guztiaren hasiera. Benetan
hausnartzekoa da nola bultza dezakeen bide hori Alderdi Popularrak.
Horren guztiaren ondoren,
galdera bat sortzen da: zer egin dezake gizarte batek bere borondate politikoa
behar den bezala kontuan hartzen ez dela ikusten duenean? Argi dago Katalunia
eta Euskadi beti izango garela gutxiengoak Estatuan; zer egin behar dugu
gizartearen iritzia ezagutzeko? Ezin dela jakin esan nahi al digute? XXI.
mendeko politikan gizarteari iritzia eskatzeko debekuak ez du ez hanka ez
bururik.
Konstituzionaleko
letratua den Xabier Arzozek, aipatzen duen moduan, bai XIX. mendearen bukaeran
eta baita XX. mendearen hasieran ere, bai G. Jellinek eta K. Rennerrek
gehiengo/gutxiengo jokoa aztertzerakoan, kontuan hartu behar dugu hainbat
errealitate nazional estatalak diren errealitate nazionalak baino txikiagoak
izango direla; eta nazio bat bestea baino handiagoa izateagatik ezin dio
inposatu besteari bere nazio ezberdin horren ikuspegia.
Horixe da benetako
arazoa: ez PPk, ezta PSOEk ere ez dutela sinesten Estatuan errealitate nazional
ezberdinak daudenik, eta nazio bakoitza subjektu politiko bat denik; subjektu horrek
bere nazioari dagozkion oinarriak erabakitzeko eta aukeratzeko eskubidea
duenik. Hortik aurrera, demokraziaren aurkako jarrera bat nagusitzen da.
Demokrazia eta legea ez dira berdinak, azken finean beti demokrazia legeen
gainetik dago eta egongo da.
Nire iritzi
artikulua, gaur Berrian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario