Ulertu
ez ala ulertu nahi ez?
Asteko kronika
sentimendu batekin adierazi beharko banu, hori kezka izango litzateke. Nik
nabaritu dudan kezka eta alderdi politiko desberdinetako beste senatari batzuek
ere helarazi didatena, hain zuzen ere Kataluniako prozesuaren ostean
euskaldunekiko eta kataluniarrekiko bortizkeria gehitu dela igartzen dugulako.
Bernardo Atxaga datorkit burura, orain dela hainbat urte elkarrizketa batean
zera esaten zuenean: “Ez goaz argirantz, ilunak bultzatzen gaitu”.
Testuinguru horretan,
Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoaren gaiak hautsak harrotu ditu. Foruetatik
eratorritako Euskadiko finantzazio sistema ulertzen ez duten eta ulertu nahi ez
dutenen arteko marra ez dago argi, baina benetan argi dagoena da oso erraza
dela Kontzertu eta Kupoaren aurka egitea; antzinako estrategia dela norberaren
akatsak ez onartzeko besteen aurka jotzea, umeek ere askotan egin ohi dute
hori.
Kaltetuta sentitu
omen diren erkidegoetako zenbait komunikabidek Estatuko Gobernuaren
ahultasunari esker lortutako mesedetzat jo dute Moncloa eta Lakuaren arteko
akordioa, batzuk ETAren ekintzei esker lortutako ordaina dela esaten ere
ausartu dira; hango zenbait agintari ez dira hainbeste esatera heldu, baina
pribilejioa eta abantaila dela bota dute zeharka, horretarako komeni zaizkien
argudioak emanez eta haiek osotasunean ulertzeko beharrezkoak direnak
ezkutatuz.
Ez ditut entzun Errioxako
Ogasun Kontseilariaren kexak orain arte Euskadiko sozietateen gaineko zerga
eurena baino altuagoa izan delako, edo Madrilgoa estatu osoko baxuena dela esanez.
Ez dut Euskaditik kanpo inor protestaka antzeman Estatuko Gobernuak ez
dizkiolako Eusko Jaurlaritzari oraindik ematen Gernikako Estatutuak jasotzen
dituen hainbat transferentzia, nahiz eta Lege Organiko batean idatzita egon, gehiengo
nahikoa duela baliatuta. Ez dut gogoratzen Galiziako presidentearen ardura
2009an erregimen komuna duten erkidegoen arteko finantzazioa onartu zenean
Kupoa hamar urtez itxi gabe egon den bitartean, ezta Gasteiz eta Madrileko
Gobernuko agintean sozialistak izan ziren sasoian ere. Jakin badakite egiten
ari diren kritikak oso injustoak direla euskal gizartearekiko, azken finean,
esaera zaharrak dioen moduan: egia egi, ogia ogi, bi eta bi lau.
Egun Jaurlaritzak,
hamar urte pasa eta gero, lan handiarekin eta meritu handiz lortu duen
akordioari egiten zaion kritika zorrotzenetako bat momentuarekin lotuta dago.
Alegia, kritikatzen da ea nola itxi daitekeen Euskadirekin eta Euskadirentzat
finantzazio akordio bat beste Autonomia Erkidegoen finantzaziorako adostasunik itxi
gabe. Hau esaten dutenek badakite, edo jakin beharko lukete, bi sistema
ezberdin direla; hau da, ez dute ulertzen edo ez dute ulertu nahi. Ez dakit zer
den okerrago!
Orain arte gure
sistema ez da eztabaidatu, eta momentu honetan Ciudadanos ari da polemika honi
hauspoa ematen hauteskunde ikuspegi aldetik bere eltzea berotzeko mesedegarria
zaiolako. Ciudadanosek ez du itxaropen handiegirik euskal gizartean eta euren
helburuak ez daude gure gizartean; bitxikeri moduan, azkeneko udal hauteskundeetan
Euskadi osoan bi zinegotzi atera zituen, eta handik gutxira, horietako batek
bere kargua utzi zuen bere alderdiak Kupoarekiko zuen jarrera zela eta. Beraz, Albert
Rivera eta bere kideak nortzuk diren azaldu beharrik ere ez dago, baina su
horretara ezker abertzalea ere hurbilduko zenik ez genuen espero. Euskadiren
aldeko interesen aurkako erasoak bata bestearen atzetik ematen ari direnean, EH
Bilduk gure finantza sistemaren oinarriari babesik ez ematea erabaki du.
Aste honetan
bertan, Senatuan duten ordezkariak Kontzertua nola tramitatu behar den
eztabaidatu denean ere abstenitu egin da, kontrako botoa eman zuten Ciudadanos
eta Compromiseko senatarien estrategiaren partaide bihurtuz. Hau da,
tramitatzeko moduari ere ez dira kapaz izan babesa emateko. Ez dute ulertu edo
ez dute ulertu nahi, eta ez zaie axola, EAJren aurka egitearren Euskadiren
interes eta autogobernua arriskuan jartzen dutela. Euskadiren aurkako kanpaina
bortitz bat dagoenean EH Bildu era horretara parte hartzeak ez du inongo zentzurik.
Noraino joan daitezkeen alderdikeriak! Politikan iparra non dagoen eta zein
norabide jarraitu nahi den garbi eduki behar dira. Alderdi Popularrak
sentsibilitate gehiago azaldu du euskal finantzazioarekin eta euskal arazoekin
EH Bilduk berak azaldu duena baino.
Ikusiko dugu gai
honek zer ematen duen datozen egunetan, bien bitartean Katalunia gai nagusi
izaten jarraitzen du beste aste betez. Hilabetea bete denean Senatuan 155.
artikulua onartu eta Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiak martxan jarri zirenetik,
Rajoyren Exekutiboaren iritziz egoera berriz ere “normala” da. Normala da,
antza denez, gizarteak 2015ean bozkatutako legebiltzarra suntsituta egotea eta
Katalunian erreferente diren hainbat politikari kartzelan edo epaitegiz
epaitegi ikusi behar izatea.
Guztiz ezohikoa
eta berezia den egoera honetan, Espainiako Gobernuak bere azalpenak emango ditu
astelehenean Senatuan 155. artikuluaren aplikaziorako sortu den Batzordean.
Katalunia bizitzen ari den egoera larri honetan agerraldia iragarri duena
Estatu idazkaria izateak, Soraya Saenz de Santamaria presidente ordea izan
beharrean, argi adierazten du PP eta PSOEren lehentasunak non dauden; Katalunian
ez, behintzat. Denbora pasa ahala ñabardurak galdu egiten ohi dira, baina ez
dugu ahaztu behar Rajoyren Gobernuak 155. artikulua martxan jartzea erabaki zuela
inoiz eman ez zen independentzia adierazpena onartutzat eman zuelako. Hau da, horrela
ulertu zuelako edo horrela ulertu nahi izan zuelako.
Horiek horrela,
denborarekin politikaren egiteko moduak aldatzen ari dira. Egun politika ez da
ikusten duela 20 urte egiten zen moduan: gizarteak gehiago eskatzen eta exijitzen
digu, baita proposatu ere. Horregatik, etorkizunari begira, txikiak garen
herrialdeak aurrera begiratzeko estrategia garbi bat eduki behar dugu, baina
horretarako iraganaren hausnarketa egin beharrean gaude; partekatu beharrean
gaude etorkizuna ondo diseinatu ahal izateko. Arrisku globalen artean bizi den
gizartearen antolaketaren nondik norakoen inguruan erreflexionatu beharra dugu.
Ildo horretatik, eredugarria
da, adibidez, aste honetan Europar Batasuneko legebiltzarkideak batzartzeko
gune izan dugun Estonia. Interesgarria izan da Batasunaren etorkizunari buruzko
jardunean herritarrekiko izaten dugun urruntasunaz izan dugun hausnarketa
prozesua, baina, nire ikuspuntutik, neguan hain argi ordu gutxirekin bizitzeko
kemena duen herri txiki hau izan da interesgarria; bi hizkuntza nagusirekin
bizi eta Euskadik dituen biztanle kopuruaren erdiarekin, sei hilabeteotan Europar
Batasuneko presidentzia izango du herrialde honek. Independentzia eskuratu
zuenetik urte gutxi igaro diren arren, Estatu honek erakutsi du posible dela
1,4 milioi biztanlerekin Batasunaren barruan kalitate handiz bizitzea. Bertako
presidentea entzuteko aukera izan genuen, Kersti Kaljulaid; oso Europazalea eta
bere herriaren konfiantza osoa duen emakumea.
Alderantziz, aste
honetan, Espainiak oraindik lan asko egiteko duela erakutsi digu. PP eta
PSOEren artean ez dira ados jartzen Konstituzioaren aldaketa nondik nora joan behar
duen. Abiapuntu eskasa, benetan! Baina etorkizuneko ikuspegia are eskasagoa da eta
zer egiteko handirik ez dute izango batzuek eta besteek esku artean daukaten
arazoa ulertzen edo ulertu nahi ez duten bitartean. Esan bezala, gizartearen
jokatzeko moduak aldatzen ari dira; mundu global honetan, bere beharrak beste
era batetara azaldu nahi ditu; demokraziaren funtsa gizartea da, eta
gizartearen nahia errespetatzen ez den bitartean ez PPk ez PSOEk ez dute
erreforma egoki bat egingo, erreforma garrantzitsuena gizartearen eskuetan
dagoelako.
Nire iritzi artikulua, gaur Deian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario