sábado, 11 de agosto de 2018


Udako keinuak
Eguneroko lan erritmotik pixka bat aldentzeko izaten ditugun udako oporretarako publizitate iragarkietan, bai aldizkari zein telebista edota bidaia agentzietan, leku paregabeak, tenperatura egokietan gozatzen ari diren gorputz lirainak ikusten ditugu, paradisuzko paisaiak gerturatu nahi dizkigutelako, ametsak errealitate bihurtzen direla helarazi nahian. Horren eraginez, uda idiliko bateko kanta prestatzen saiatzen gara guztiok ilusio handiz: ongi informatzen gara, gidak erosten ditugu… eta hor sumatzen dugu lehen sentsazio arraroa, doinua ez datorrelako bat erritmoarekin.
Aipatutako bidaia liburu horien arabera dena da perfektua, ez dago arazorik inongo lurraldetan eta bakoitzaren ametsa asebetetzeko adina eskaintza dago: atseden hartu, leku eta istorio harrigarriak ezagutu, kultura eta hizkuntza ezberdinez gozatu eta, ilunabar ikusgarriak ikusi ondoren, ederki lo egiteko aukera eskaintzen digute, amets gaiztorik gabe noski. Baina sarritan eskaintza horrek ez digu asetzen eta marratik haratago joateko joera dugu. Orduan, bertaratu aurretik, beste iturri ezberdin batzuetako ura edanez, gure opor lekuen historiaz edo herrialde bezala izan dituzten konfliktoez irakurtzen dugu, etorkizun iluna iragartzen dieten hodei beltzak antzemateko.
Ikasturte osoko ipuin beltzei jarraipena emanez, udako hego haizeak ere ez ditu bere orriak eramaterik lortu. Etorkinen gaiak negar malkoz busti ditu, berriz ere, kontakizunaren orrialdeak, Mediterraneoko urak gaziago bihurtuz. Paradoxikoa da askoren gozamen lekua dena, beste askoren sufrimendu eta heriotzarakoa izatea. Zuri beltzean eta beldurrezko musika artean errepikatu zaizkigu itsasoan hildakoen irudi horiek begi ninietan, euren etxeetatik urruti noraezean dabiltzan pertsonak, diruari pertsonaren bizitzari baino balio gehiago ematen dioten trafikatzaileen hatzaparretan harrapatutakoak…
Aurreko mende batzuetan bezala, arazo larria da XXI. mendean bizitzea tokatu zaiguna. Europar Batasunak inor izan nahi badu gaurko egunean, irteera bateratua aurkitu behar dio egoera honi. Estatu bakoitza bere politika eta bere arazo soila konpondu nahian dabil eta bere errealitatea azaltzen saiatzen da, kolektiboari lekurik eskaini gabe; Batasunak elkarkidetza du bere jatorriaren oinarri. Erantzunak irizpide horietatik joan beharra dauka. Espainiako Estatuaren barruan gauza bera gertatzen da. Erakunde ezberdinen arteko elkartasuna eta lan bateratua izan behar du oinarri; Aquarius ontziarekin Pedro Sanchezen Gobernu berriak egin zuen lehenengotariko “keinua” publikoki eskertu nion Presidenteari Senatuko kontrol saioan egin nion lehen galderan, baina “keinuek” ez dute errealitatea asetzen eta mamiaz bete behar dira. Arazoa larria da eta beste politika batzuk eskatzen ditu; beste alderdi politikoekin adostu beharrekoak.
Ez da gauza bera Gobernuan edo oposizioan egotea; zentzu horretan, gai benetan zaila Kataluniarena izango da. Sanchezen Gobernuaren etorkizuna horri lotuta joango da; orain arte “keinuak” izan dira nagusi, baina udazken honetan gai honi behar den bezala heldu beharko zaio irteera logiko bat eman ahal izateko. Gutxienez, eskertzekoa da distentsiorako Exekutibo berriak erakutsi duen asmoa, baina Kataluniako gizarteak zerbait gehiago eskatzen du; hauek diotena entzun egin behar da eta horretarako hitz egiten utzi behar zaie.
Horretan, zeresan handia izango du Alderdi Popularraren jokabideak, oraintsu lider berria hautatzeko kongresua egin duen alderdiarenak. Gürtel sententzia, Pedro Sanchez Presidente egin duen zentsura mozioa eta Mariano Rajoyren dimisioaren ostean, Pablo Casado izango da kontserbadoreen presidentea aurrerantzean. Afera deserosoan murgilduta dago orain arte nirekin Europar Batasuneko Batzorde Mistoko kidea izan dena, bere ditxosozko masterra dela eta. Uda ostean, Auzitegi Gorenak erabakiko du erabaki beharrekoa, baina argi dagoena da erakutsi duen jokabidea ez datorrela bat nire barnean eta nire inguru hurbilean ditugun gazteek eta euren familiek dituztenekin. Master bat non 22 gaietatik 18 ez dituen ikasi behar izan, automatikoki gaindituta izan dituelako, ez da inolaz ere eredugarria bitartean beste gazte asko masterrak, graduondo ikasketak edo atzerrian kurtsoak egiteko esfortzua egiten duten bitartean, euren familien ahalegin ekonomikoa ahaztu gabe.
Uda honetan kontakizun beltz asko sumatu ditugu; zerrenda luzea da eta hurrengo egunetan azaltzen joango naiz; zalantzarik ez izan. “Kontatu beldurrezko ipuin bat!”, esaten zidaten umeek kanpinean lotara joan orduko. Noski, muga jarri behar zitzaion beldurrari, bestela gau luzea eta iluna egiten zitzaien, beraien irudimenetik sortutako pertsonaiak eta munstroak izaten zituztelako amets lagun. Hala ere, amesgaiztoetarako ez dago helduoi kontakizun beltzik belarrira kontatu beharrik udako ilunabar ederretan, nahikoa dugulako eguneroko gertakariei erreparatzea. Ez dakit Hobbes-en “Homo homini lupus” esaldia egia izango den ala ez, gizakia gizakiarentzat otsoa den ala ez, baina ez dago zalantzarik gizakion artean askotan krudelak garela eta elkartasun eta enpatia eza azaltzen dugula.
Ui! Beharbada, irakurle, esnatu egin zaitut udako oporraldietako siestako momentu goxo horretatik. Jarraitu ezazu amesten zure hurrengo irtenaldiarekin baina ez ahaztu irakurritako ipuin beltzetako kontakizunez, orri horien atzean sufrimendu hitzak daudelako. Ni ur gazietan murgiltzera noa ea itsasoko olatuek kontakizun ilun horiek argitzen dizkidaten. Uda on!
Nire iritzi artikulua, gaur Deian

No hay comentarios:

Publicar un comentario