viernes, 25 de enero de 2019

 
Hizkuntzarekin bueltaka
Gaztelania, Espainiaren batasuna… eta gorria eta horia ez den guztia… arazo bat da. Eta arazo ez bada, sortu egiten du Alderdi Popularrak; hori da gaur egun haien politika.
Egunotan, Jose Ramon Bauza senatariak bere kargua utzi du bere alderdiak Balear Irletan katalanarekin jarraitzen duen hizkuntza politikarekin ados ez dagoelako; nonbait, PPk bere herritarrak ‘katalanizatzea’ ahalbidetzen du. Dimisio hori erabiliz, berriz ere hizkuntza ezberdinen aurka jo dute euren gaztelaniaren eredua inposatzeko.
Alegia, garrantzizkoena ez da hizkuntza ezberdinak menperatzea, garrantzizkoena ez da hizkuntza gutxituak babestea, garrantzizkoena ez da horren inguruan Europak ezartzen duen legedia betetzea… Garrantzizkoena gaztelaniaren erabilera inposatzea da: ele bakartasuna. Bauzak dioena dioela, hori da PPren jarrera.
Aste honetan Europako Kontseiluan izan naiz eta, Finlandiako Presidenteari galdera bat egiteko aukera eduki dudanez, hezkuntzaz hitz egin dugu. Sauli Niinistören iritziz, honen arrakasta, neurri handi batean, irakaslegoan datza. Irakasleak dira teknikoak eta haiengan jarri behar dugu konfiantza gai hau gestionatzerakoan.
Dena dela, bi gai hartu behar dira kontuan teknikoek euren lana ondo egin ahal dezaten: lehenik eta behin, legeak dioen moduan, ikasleek derrigorrezko bigarren hezkuntza bukatu eta gero ofizialak diren bi hizkuntzetan gaituak izan behar dutela, eta, bigarrenez, hizkuntza gutxituek trataera positiboa merezi dutela.
Bai, badakit; pentsaera hau Alderdi Popularraren oinarrizko ideologiaren aurka doa. Hasieran nioen moduan, Alderdi Popularraren borondatea da: gaztelania, Espainiaren batasuna… eta gorria eta horia ez den guztia… sobera dago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario