Hauteskundeak eta 155. artikuluaren komodina
Hauteskunde usaina nabaritzen
hasia nago! Maiatzaren 26a hurbiltzen ari da eta Alderdi Politikoak martxan
dira: kandidaturak, ekitaldiak, proposamenak…
Ohituta nago, beraz prest ere,
proposamen zentzudunak eta burutazio bitxiak entzuteko. Orain arte entzun dudan
gauzarik harrigarriena atzo Extremadurako legebiltzarrean eztabaidatutako gaia
izan da. PPk proposatuta eta PSOE eta Ciudadanosek babestuta, Katalunian
Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu dadila eskatzea onartu zuten.
Deigarria egin zait erkidego bat
beste baten aurka inongo gupidarik gabe aritzea, baina deigarria hitza baino
gehiago merezi duen sentsazio horretan PSOEren jarrerak harritu nau: Madrilen
gauza bat esaten du eta Extremaduran beste bat; Fernandez Vara presidenteak ere
gauza bat bozkatu zuen parlamentuan eta ostean “baldintzak emango balira”
zehaztu du sareetan.
Eta hor dago gakoa: 155.
artikulua aplikatzeko legea urratu behar da. Atzoko bozketan bere aplikazioaren
alde azaldu ziren legebiltzarkideak erantzun dezakete Kataluniako Erakundeek
zertan urratu duten legea horrelako neurri bat justifikatzeko? Ez, baina berdin
zaie.
Onartutako ekimenean Kataluniako
telebista autonomikoaren interbentzioa ere eskatu zuten. Jakin nahiko nuke atzo
bozkatu zutenetatik zenbatek ikusi ote duten azkeneko hilabeteotan TV3eko
minutu soil bat. Agian bai, internet sarea tren zerbitzua baino azkarragoa
baldin badoa, behintzat.
Hauteskunde usaina dago eta
Andaluziakoetan izan berri direnetan Kataluniaren gaia hauspotu zutenen emaitza
onak ikusita aldameneko erkidegoko alderdi guztiak hasi dira, baita ere, berau
boto-emaileen aurreko eskaparatean jartzen, norberaren benetako arazoak azpiko
kajoietan ezkutatuz eta irtenbiderik eman gabe.
Gero Espainia gaizki doala: Ja!
Okerrago ere joango da!
No hay comentarios:
Publicar un comentario