Black beltza da
Black Friday edo Ostiral Beltza da gaur. Ez zaizkit batere ardura dendetan
izango diren eskaintzak baina ohitura honen jatorria zein den jakin nahi izan
dut, egunarena eta izenarena hain zuzen ere. Gabon aurreko lehen erosketak
egiten ziren lehen eguna izateagatik egin zen ezagun, nola ez Estatu Batuetan;
bertan, azaroko laugarren ostegunean Eskerrak Emateko Eguna ospatzen da eta,
biharamunean, oparien garaia hasi ohi da.
Izenaren jatorria, aldiz, ez dago oso argi. Interpretazio baikorra eta
ezkorra daude: saltzaileek euren balantzeetan izaten zituzten ‘zenbaki gorriak’
beltz bilakatzen ziren eguna zelako diote lehenengoek; erosketak egitera joaten
zirenek sortzen zituzten trafiko arazo handiengatik poliziak jarritako izena
omen dela diote bigarrenek.
Gure edukazioarengatik, beltza gauza txarrekin lotzen dugu; baita ere,
beltzaren kontrakoa zuria dela ikasi dugu. Horregatik, hain zuzen, Vox
alderdiaren laguntza behar dutenek hauen barru beltza zuritu beharra ikusi
dute. Ultraeskuindarrek, bakarrik asteon, indarkeria matxistaren aurkako
adierazpen instituzionalik ez egotea ahalbidetu dute Kongresuan; Madrilgo udaletxean
edo Alakantekoan eta beste hainbat tokitan egin duten bezala. Ekintza hauek eta
euren agintarietako batek Emakumeenganako Biolentziaren Aurkako Nazioarteko
Egunean egin zituen adierazpen gogor eta bidegabeek alderdi horren benetako
izaera erakutsi baino ez dute egin. Genero politikan izan da, baina berdin gertatuko
da migrazio, eskubide historiko, Autonomia Erkidego eta beste hainbat politikei
dagokienez.
Guk argi daukagu Vox-i lerro demokratikoa jarri behar zaiola erakundeetan
bere jarduerak eraginik izan ez dezan, azken urteotan hainbeste eragileren
artean eraiki dugun ongizatearen gizarteak atzera egin ez dezan. Lerro hori,
baina, ez da baliagarria izango Alderdi Popularrak alderdi arrunta izango
balitz bezala normaltasunez integratzeko bidea ematen badio: Kongresuko Mahaian
postu bat izan dezan ahalbidetuz, haien sentsibilitatea zauritu lezakeen
ekimenik ez onartuz… Eta hau hasi besterik ez da egin. Madril, Andaluzia,
Murtzia edo beste hainbeste lekutan ematen dioten babesaren prezioa da barrua
beltza dutenak zuritu nahi izatea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario