viernes, 28 de febrero de 2020

Gogoratu 

Aste honetako Senatuko Osoko Bilkuran Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroari buruz galdetu diot Pedro Sanchezi. Gasteizko memorial hau bere aurretik egon zen Gobernuak jarri zuen martxan... beno, martxan ez dago baina inauguratu bai egin zen Mariano Rajoyren Gobernupean, eta baita orduz geroztik egon diren hauteskunde kanpaina guztietan aurkeztu ere. 

Zentroaren gestioa egiterakoan, euskal gizartearen aniztasuna islatzen duten erakunde guztien parte hartze egokia izan dadila eskatu nion; euskal erakundeekiko lankidetza eta elkarrizketa susta dezala. Biktimak gogoraterakoan ez da ez zuzena ez egokia ikuspuntu konkretu batetik egitea, errealitate sozialetik isolatuta geratzen den memoria egitea. Argi dago terrorismoak Estatuan eta Euskadin inpaktu oso larria utzi duela eta horregatik hain zuzen, etorkizunera begira elkarbizitza zintzoa eraikitzeko lanak egiteke ditugula, baina horretarako beharrezkoa da gertatutakoaren begirada argia eta kritikoa egitea. 

Alderdi Popularraren eskutik Memorial honek ez zuen bide egokia jarraitu, baina ez dakit Sanchezen erantzunean entzundako hitz poltagoak nola gauzatuko diren ekintzetan. Eta azken hauek, esan baino gehiago, erakusten dutena da Zentrorako onartutako azken aurrekontua 2017koa dela, edota 2015ean inauguratu zenetik Patronatoa bitan baino ez dela batzartu eta Talde exekutiboa, berriz, lau aldiz. Horrela ezinezkoa da Eusko Jaurlaritzaren eta biktimen elkarteen kolaborazio aktiborik izan; beharrezkoa da hauek informatzea eta integratzea. Eta, gainera, bien bitartean, nork hartzen ditu erabakiak? 

Guk betidanik sinestu izan dugu politikaren oinarria lankidetza eta elkarrizketa direla. Hemen ere, esanak baino gehiago, ekintzek erakusten dute jokabide hori horrela gauzatzen dugula. Horren fruitua da, gai honi dagokionez, Gogora Institutua. Eusko Jaurlaritzaren Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen institutuan alderdi guztietako ordekariek hartzen dute parte, eta erabakiak aho batez hartzen dira, joera ideologiko konkreturik gailendu ez dadin eta egiazko memoria anitzera hel gaitezen. Hori da bide zuzena. Bakarra. Biktimak merezi duten moduan ekar ditzagun gogora.   

No hay comentarios:

Publicar un comentario