viernes, 7 de febrero de 2020


Euskal futbolaren garaipena

Ostiral honetan futbola izango dut hizpide lerro hauetan. Atzo gizonezkoen Errealak eta Athleticek Kopako finalaurrekoetara txartela eskuratu zuten Real Madrid eta Barcelona kanpoan utzita eta ospatzeko motiboa dela iruditzen zait. Honi gehitu behar zaio, gainera, emakumezkoen Errealak Estatuko Superkopako finala jokatuko duela igandean, asteazkenean Levanteri irabazi ostean.

Euskal futbola zorioneko dagoela esan daiteke gaur, baina oraingo egoera ez da egun batetik bestera zerutik eroritako saria, urteak eta urteak ondo egindako lanaren fruitua baizik. Ezin da ahaztu, adibidez, emakumezkoen Ligan zurigorriek eskuratu dituzten txapelketak edota txuriurdinak egungo Kopa txapeldunak direla. Beste mota bateko garaipen bereziak izan dira, baita ere, behin baino gehiagotan San Mames edo Anoetan milaka eta milaka zaletu bildu dituztela beraien neurketetan, nesken futbola merezi duen lekua lortzen ari dela erakutsiz.

Ez da kasualitatea, ezta ere, asteburu honetan gizonezkoen Ligan bi euskal derbi izatea: Alaves-Eibar gaur, eta Erreala eta Athleticen artekoa, igandean. Ez da kasualitatea, izan ere bost euskal talde ari dira egun Estatuko goreneko Ligan lehiatzen; aipatutako laurak eta Osasuna. Hau da, talde guztien %25a. Kopako finalaurrekoetan %50 dira; ea finalean %100era heltzen garen eta euskal futbol taldeen lan onaren erakusle izan daitekeen jai eder batekin gozatzen dugun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario