viernes, 14 de febrero de 2020


Zaborra

Aktualitate politikoaren inguruan asteak eman duen albisterik garrantzitsuena, euskaldunon ikuspuntutik, Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia izan da, zalantzarik gabe. Gasteizko Ganbera berritu behar zen urtea izanik, Urkullu Lehendakariak esamesak, distrazioak eta zalantzak murriztu nahi izan ditu ia urte osoa iraungo zukeen kanpaina saihestuz eta herriari eperik laburrenean hitza emanez.

Tamalez, ezbehar batek albiste hau eta beste guztiak tristeziaren lainoaz ilundu ditu. Zaldibargo zabortegi batean gertatutako lur jausi batek bertako bi langile lurperatu eta, itxura guztien arabera, heriotza eragin die. Hondamendiaren tamainak eragozpenak eragin ditu azpiegituretan eta baita gorpuen erreskatean ere, bilaketa lanetan ari direnen segurtasuna bermatzea beharrezkoa delako. Erakundeak lehen unetik ari dira lanean, krisiari aurre egiteko koordinazio mahai bat antolatuz.

Honek guztiak, ordea, ez die axola edozein aitzakia aprobetxatu nahi dutenei Jaurlaritzari, Lehendakariari eta berau sostengatzen duen alderdi nagusiari eraso egiteko. Kritika egitea zilegi da; ez bakarrik zilegi, baita derrigorrezkoa ere alderdi guztien aldetik. Baina onartezina da batzuek nolako erabilera politiko lotsagabea egiten ari diren giza zorigaitz honekin: bost axola zaie bi langile desagertuta egotea, egoera horrek dirauen bitartean arduradun politikoen gainera “zaborra jaurti” ahal badute: zentzu figuratuan, adierazpenen bitartez, eta literalki, hainbat Batzokiren aurrean zabor poltsak utziz, honenbestez argudioak eta moduak maila berean jarriz.

Lehentasunak argi daude: batzuenak Jaurlaritza eta Lehendakariari eraso egitea dira; azken hauena eta ezbeharrean inplikatuta dauden erakundeena, ordea, langile bien gorpuak aurkitzea da, segurtasunez eta kalte gehiago eragin gabe. Ondoren etorriko da erantzuleak bilatzeko garaia.

Amaitzeko, nire doluminak eta besarkada beroa helarazi nahi diet langile hauen familiarteko eta lagunei.

No hay comentarios:

Publicar un comentario