Zeharbide irristakorrak
Ez, zerga amnistia ez dute legez kanpokoa deklaratu euren
ondasunak legez kanpo ezkutatuta izan dituztenei Espainiako Gobernuak beste
guztiok bete behar ditugun baldintzak baino askoz hobeagotan legeztatzeko
aukera eman dielako, ez.
Ez, arazoa ez da izan Montorok bereizketak egin dituela herritar
guztiok ditugun eskubide eta betebehar berdinetan, ez; gainera, Ogasunari, guztioi,
iruzur egiten aritu direnen mesedetan.
Ez, ez da zigortu Estatuak bere betebeharrei muzin egin izana,
ez. Hain zuzen ere, herritarrek gastu publikoari egin beharreko ekarpena
baldintza berdinetan egingo dela bermatzeko ardurari.
Gaizki dagoena bidegabekeri horiek guztiak egin ahal
izateko modua izan da, Auzitegi Konstituzionalaren arabera. Forma akatsa
deritzona.
Ogasun Ministroak ahalbidetutako amnistia fiskala bertan
behera uzteko arrazoi bakarra, Espainiako Gobernuak horretarako Lege Dekretua erabili
izana da. Formula desegokia omen da Konstituzioaren Lehen Tituluko oinarrizko
eskubideei eragiten dieten gaietan, eta gastu publikoen sostengua horien artean
dago. Hau da, nagusikeri horiek guztiak egiteko Lege Proiektua bideratu eta
onartzea lortu izan balu, popularren
ekimena lehengo besteko bidegabea izango zatekeen, baina legala.
Guzti hau jakinik, ez naiz oso lasai geratzen, izan ere gehiengo
osoa izango lukeen alderdi politiko batek ez zukeelako inolako arazorik izango,
berak bakarrik, amnistia fiskal hau aurrera ateratzeko. Alderdi Popularrak hamargarren
legealdian izan zuen aukera hori modu legalean egiteko, zeharbide hori hartu izan
ez balu. Baina, esaera zaharrak dioenez, zeharbideak irristakorrak izaten dira,
eta oraingoan Montoro hankaz gora erori da.
Dena dela, egoera honek Gobernu baten jokabidea azaleratzen
du: Ogasuneko tekniko eta alderdi politiko eta sindikatu guztien kontra ez
ezik, justizia eta logika guztiaren kontra, gehiengo osoaz puztuta, formei,
itxurei ere erreparatu gabe demokrazia nahierara erabili nahi izan duen
Gobernuaren jokabide zapaltzailea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario