Aurrerapauso
baikorra Kolonbian
Gaurko
armagabetzearen azken ekimenarekin Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC)
50 urteko jarduera bortitzari amaiera emango diote, alderdi politiko bihurtzeko
bidean. Ezin da ahaztu hauen jarduerak 300.000 hildako eta sei milioi
desplazatu eragin dituela, baina baikortasunez hartu beharreko egoera bizitzen
ari garela onartu behar da.
Apirilean
Hegoamerikako herrialde horretan izan nintzen eta hango gizartearen zatiketa
nabaritu nuen, bake prozesuari babesa emateko urrian egin zen galdeketan islatu
zen zatiketa: Santos Errepublikako presidenteak bakerako bidean doan Kolonbia
berriaren adierazle ikusten du FARCen aurrerapauso hau, baina Uribe presidente
ohiarentzat ez da nahikoa, eta prozesuaren aurka agertu da. Bi politikari hauen
arteko norgehiagoka klabe garrantzitsua da gizartearen zatiketa honetan eta eragina
izango du 2018an izango diren hauteskundeetan; baita bake prozesu ahul honek
izango duen etorkizunean.
Gure
ikuspuntutik, ezinbestekoa da Kolonbiako eta Euskal Herriko indarkeriaren
amaiera prozesuak konparatzea; onartuta bakoitzak ezaugarri propioak dituela,
badituzte elementu komunak ere. Horren adierazgarri nabaria da Alvaro Uribek
berak egoera bien aurrean Rajoyk jokabide kontraesankorra izaten ari dela
jakinarazi zidala: zorrotza eta entzungorra Estatu espainiarrari dagokionean; malgua
eta ulerkorra bere herrialdetik urrun ematen denean.
Hemen
ere bortizkeria eta hildakoak sufritu genituen, eta hori ez dugu ahaztu behar,
baina ea Kolonbiarako dugun baikortasun hori gure lurraldera ere zabaltzen den.
No hay comentarios:
Publicar un comentario