Aho bat, bi belarri
‘Aho bat, bi belarri; gutxi mintza, asko adi’. Gaur Euskararen eguna eta hamaika
egunetan zehar Euskaraldia ospatzen ari garen garai honetan, Alderdi
Popularreko ordezkari nagusiek belarria prest izan beharko lukete antzinako
atsotitz honi jaramon egiteko. Izan ere, politikan betidanik, eta batez ere
gaur egungo egoera nahasian, komenigarria izaten da gauzak behin esan baino
lehenago bitan entzutea eta hausnartzea.
Senatuko Talde Popularreko
bozeramaileak, Ignacio Cosidok, ez du zuhurtasunaren edo diskrezioaren papera
jokatu nahi eta, ‘ahobizi’ beharrean, ahobero agertzen ari da behin eta berriz.
Ez dut berriro gogoratuko bere taldekideei helarazi zien whatsapp lotsagarria;
oraingoan astelehenean espetxeetako eskuduntza Euskadiri transferituko zaiola
iragarri zenean esandakoa nabarmendu nahi dut. Bere ustez, akordio hau Estatuko
Gobernuak “bere bazkide nazionalisten aurrean berriz ere amore eman” izana
erakusten du eta, gaineratu zuenez, “ETAko presoak hurbiltzeko egin ahalko
litzatekeen edozein politikaren aurka egingo dugu”.
Gernikako
Estatutuak transferentzien inguruan jasotzen duena ez errespetatzea eta,
argudio berean, Espainiako Legeak presoei onartzen dizkien eskubideen kontra
agertzea Goi Ganberako bozeramaile popularraren ekimen indibiduala balitz,
gaitz erdi; tamalez, legearekiko intsumiso agertzeko joera hau zabala da euren
alderdian. Eta ez bakarrik Espainian; joan den astean, Euskadiko presidenteak,
Alfonso Alonsok, Euskadiko Autonomia Estatutua “bere osotasunean beteta”
dagoela esan zuen. Oraindik transferitu gabe dauden 37 eskuduntzak ahaztu ez
ezik, gehiago esatera ere ausartu da, eta Euskadik “ez dagozkionak ere hartu”
dituela ziurtatu du. Alonsoren gezurretara ohituta nengoelakoan, onartu beharra
daukat honakoak erabat harritu nauela: edo errealitatearen pertzepzioa edo lotsa
guztiz galdu du. Ez hori bakarrik; Euskadiko Legebiltzarraren erabakiaren aurka
jo du, euskal interesei muzin eginez, Madrildik interesatzen zaien mezua
zabaldu ahal izateko. Abestiak dioen moduan: “Txanpon baten truke”.
Azken finean,
jokabide hauek erakusten dutena da, beste behin, Alderdi Popularrak ez duela
inoiz Estatu anitz baten sinetsi; baina ez hori bakarrik, ez du sinesten Estatu
honek Erkidego desberdinak dituela eta ez du sinesten bakoitzak bere
eskuduntzak dituela. Adibide bezala, duela bi urte Auzitegi Konstituzionalak
Euskadiren aldeko bi eskumen onartzen zituen epaia jakinarazi zuen eta PPk
behin eta berriz bete gabe utzi ditu: hori al da Estatu batek izan beharko
lukeen jokabidea?
Espainian
ezpainetan darabiltzate Konstituzioa eta Legea baina hauek betetzerakoan hitza
jan eta bere aplikazioa komenentziaren araberakoa izaten da: Katalunian
zorroztasun guztiarekin inposatzen den bitartean, beste hainbat kasutan bete ez
eta horren justifikaziorik ere ez da eman behar izaten, gehiengoen
nagusitasunean ezkutatuta. Gezur hutsa. Nor da, bestela, Katalunian egun bizi
den egoeraren erruduna? Gogoratu behar da, 2006an PPk Kataluniako herriari eman
zion zaplaztekoa Estatut-a ‘zepillatu’ zuenean. Horretarako, gainera,
Andaluziako Estatutuan PPk berak ontzat eman zituen 30 artikulu errekurritu
zituen Kataluniakoan, hitzez hitz berdinak izan arren, Konstituzioaren kontra
egiten omen zutelako. Zer sentituko du Erkidego horretako kide batek injustizia
horren aurrean?
Asteko zirkulua
osatzeko, asteazkenean alderdiko presidenteak, Pablo Casadok, hezkuntzaren
eskumenak Estatuan zentralizatuta egon behar direla esan eta horren alde egingo
duela aurreratu zuen. Oraingoan esandakoa ulertzeko, komeni da irailean esan
zituenak gogoratzea; hain zuzen ere, ezin zela onartu Estatuak doktrinamendurik
ekidin ezin izatea, sistemetan parekidetasunik ez egotea, eduki desberdinak
jasotzea edo irakasleak hizkuntzen arabera aukeratzea. Gaztelaniaz existitzen
ez den aditza erabilita, “hori ez dela Estatu autonomikoa zentripetatzea”
ziurtatu zuen. Hitzetan ez dakit, baina asmo eta ekintzetan Casado ‘zentripeto-petoa’
dela esan genezake.
Indar
zentripetoak alde batera utzita, poloen erakartze eta aldaratze indarren
teoriara joango gara. Izan ere, zeinu desberdina duten poloak elkartu ohi diren
bezala, politikan mutur bietakoak direnak elkar elikatzen ari dira euren
jarrerekin. PPk berak onartzen du muturreko ezkerra dela eskubia hirutan zatitu
izanaren erantzulea eta, haien arteko lehiaren ondorioz, eskubiko ideologia
duten alderdien erradikalizazioaren erruduna; baita Alderdi Popularrarena ere.
Honenbestez, Jose
Maria Aznarren aspaldiko amets ezkutua eta FAES fundazioaren teoria zaharra
politikaren taula gainean daukagu dagoeneko: abertzaletasun sentimenduaren
hazkundearen erruduna hezkuntza da. Horri helduta, Katalunian arazorik ez
zegoen arloetan arazoak bilatzen ari dira, presioa muturreraino eramanez,
zentralizazioaren interesean jokatuz, sufritzen ari den jendeari batere
garrantzirik eman gabe. Suaren inguruan gasolinarekin jolasten.
Horren adibide
hurbil baten berri izan dugu egunotan, Nafarroako Hezkuntza Sailburuari egiten
ari zaizkion jazarpenarekin. Europa mailako adituek txalotu duten
berdintasunerako Skolae izeneko programa martxan jarri izanagatik sekulakoak
entzun behar izateaz gain, Maria Solanak mehatxuak ere jaso ditu eta orain eskoltarekin
ibili behar du, teknikariak presionatzen dituzte eta euren bulegoetara baimenik
gabe sartu dira. Nafarroako Alderdi Popularrak honen inguruko salaketarik azalduko
ote du?
Momentuz, Euskadikoak
muzin egin dio ostegunean Eusko Legebiltzarrean Sailburu nafarraren aurkako
mehatxuak gaitzesteko eta bere hezkuntza programari babesa adierazteko aurkeztu
zen adierazpen instituzionala onartzeari. Nola hartuko lukete euren alderdiko
kargu publiko bati atxikimendua adierazteari ezetz esango bagenio besteok?
Askatasuna ideologia uniformatzailea duten politikoentzako baino ez da izan
behar?
Natura oso
jakintsua dela esan ohi da; horren adibide da hitz egiteko aho bat baina
entzuteko bi belarri eman dizkigula. Gizartean, alabaina, badago beti
konfliktoak bilatzen ari denik; behar den beste entzun gabe hitz egiten duenik.
Politikan, ‘belarriprest’ izatea behar da, ‘ahobizi’ beharrean ahohandi izan
nahi ez bagara.
Nire gaurko iritzi artikulua Grupo Noticias Taldean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario