Euskararen aldeko keinuak
Asko harritu ninduen Pedro Sanchezek Euskaltzaindira
asteon egindako bisitak; sentimendu baikorraz beteriko harridura. Aurten, Euskararen
Hizkuntza Akademiak 100 urte betetzen ditu eta Estatuko Presidenteak keinu bat
izan nahi zuen gure hizkuntzarekin. Ohorezko liburuan idatzita utzi duenez,
etorkizuneko hizkuntzatzat ikusten du euskara; etorkizun oparoarekin, historia
luze eta aberasgarriaz gain.
Eskertzeko keinua egin eta hitz politak
adierazi eta gero, Sanchezek euskararen alde zer gehiago egiteko prest dagoen ere
esan beharko digu. Alegia, keinuen atzean edukirik, benetako asmorik, duen;
izan ere, badu non lan egin bere eskumenekoak diren erakundeetan ‘euskarari
esker Euskadiko eta Estatuko gizartea aberasteko’. Estatuak Euskadin eskaintzen
dituen zerbitzuetan euskararen normalkuntzarekin jarraitzeko prest al dago?
Madrilgo Gorteetan behin eta berriz lehiatu
behar izaten dugu euskararen eskubideak urratzen ahalegintzen direnen aurka:
euskara derrigorrezkoa baino meritutzat kontuan hartu dadila Administrazioko
oposizioetan, telebista publikoaren Euskadiko langileen artean euskaldunik ez
izatea… Euskadin urtero dauden milaka
epaiketetatik euskarazkoak hutsaren hurrena dira. Justizian euskararekiko bizi dugun egoera
penagarria landu eta konpondu nahi al du?
Egia esan, nahiago dut Pedro Sanchezek egindako
keinua beste batzuen erasoak eta mehatxuak baino. Dena dela, ez nuke nahiko asteongo
Presidentearen agerraldia keinu hutsean geratzea; eta kanpaina hain gertu
izanik…
Guretzat ere kanpaina hor dago, baina gure
asmoak aspalditik eta etengabe erakutsi eta defendatu ditugu Gorte Orokorretan.
Aurrerantzean ere horrela egiten jarraituko dugu, baina hurrengo legealdian EAJren
Talde Parlamentarioak badu beste ardatz bat lanean jarraitzeko Madrilen; izan
ere, atzoko bisita Sanchezen konpromiso moduan hartu dugu eta ez dugu utziko
keinu huts batean gera dadin. Guk ere, ekin eta jarrai.
No hay comentarios:
Publicar un comentario