Gorteetako gorteatzea
Beldurra nabari
zaie eskubi aldeko alderdi politikoei. Hainbeste matraka Sanchezi hauteskundeak
dei ditzala exijitzen eta orain, hilabete eskas falta denean hautestontzietan
gure bozka jartzeko, emaitzak eurak nahiko lituzketenak ez direla izango
antzematen dute.
Benda zauria egin
baino lehen jarri nahian, Riverak gobernu akordio bat eskaini zion Casadori eta
honek, trukean, Kanpo Gaietarako ministerioa eskaini zion; Ciudadanosekoak,
ironiari jarraituz, Unibertsitateen Ministerioa hobeto egokituko zitzaiola
erantzun zion curriculumean Zuzenbide Autonomiko eta Lokaleko master
zalantzagarria duen PPko buruari.
Erdi txantxetan,
erdi serioan, ministerioen banaketa egiten hasi dira herritarren iritzia entzun
aurretik. Gezurra dirudi duela hiru urte bai batak eta bai besteak Podemosek
PSOEri antzeko eskaintza egin zionean esan zituztenak esanda orain beraiek
aldarte berdintsuan ikustea. Gizarteak dituen arazoekin eta egungo egoera
politiko nahasian behar duen egonkortasunarekin, ez da serioa horrelako
azpijokoetan aritzea.
Dena dela, alde
nabaria dago egoera bien artean. Podemosen kasuan harrokeria izan zen nagusi,
uste zutelako Sanchezek euren babesa jasotzea beste aukerarik ez zuela.
Telebistan entzun diogu asteon Pablo Iglesiasi: “Sanchezekin dudan harremanaren
gakoa bakoitzak duen indarraren araberakoa da”. Orduan, bere indarrak gaizki
neurtu zituen Podemosekoak.
PP eta
Ciudadanosen arteko gorteatzea, aldiz, beldurrak eraginda sortu da. Casadok
badaki milaka eta milaka botok ihes egingo diotela; PPk eta Ciudadanosek
badakite Senatuan orain duten eragina erabat galduko dutela: eurek osatuko ez
duten Gobernuari ahalik eta traba gehien jartzeko, Goi Ganbera euren
beharrizanetarako lotsa gabe erabiltzeko eta, jakina, Katalunian 155. artikulua
euren nahiaren arabera aplikatzeko.
Senaturako
hautagaien aukeraketa prozesuak asko zigortzen ditu alderdi txikiak eta
eskubiaren zatiketak kalte gehigarria egingo dio PPri, euren eskubitik Ciudadanos
jaio zelako eta are eskubirago espageti westerneko pistoleroaren banda. ‘Ona,
itsusia eta gaiztoa’ filmean bezala, elkarri begirada mehatxugarriak botatzen
aritu dira azken dueluan, baina egiaren ordua heldu ahala elkar gorteatzen hasi
dira tiroketan hirurak galtzaile aterako direla ikusita.
Gu, aldiz, gurera;
begietara begiratuz, Gasteizen, Madrilen zein Bruselan gauza bera esaten
dugulako. Euskadi eta euskaldunon interesak defendatzera, eskubitik zein ezkerretik
datozen erasoei aurre egiten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario