viernes, 15 de marzo de 2019


Navarra Suma, Nafarroa gutxiago

Gaurko egunari ‘Martxoko Idus’ deitzen zioten antzinako erromatarrek, eta egunean zehar zeruko txoriek nola kantatu eta hegan egiten zuten ikusita etorkizunerako augurioak iragartzen zituzten. Gaur egungo augure modernoak inkestak izaten dira eta aurtengo ‘Idusek’, edo hobe esanda EiTB Focusek, Kongresurako eta Senaturako hauteskundeen aurrean EAEn dauden boto-asmoak jakinarazi dituzte.

Emaitzei erreparatuta, euskal herritarrek EAJk Madrilgo Gorteetan izaten duen jokabidea eta eragina positiboki baloratu egiten dutela ematen du. Gidariak norabide argi eta zuzena eramateak fidagarri egiten du, horregatik gureganako konfiantza berretsi eta hazi egingo omen da.

Zaila da, ordea, Nafarroaren etorkizuna iragartzea, eskubirako hegaldian laino ilunez beteriko norabidea eskaintzen ari direlako samaldaren aurreneko postuan jarri diren hiru txoriek. Izan ere, nafarrek ezin dute argi izan ‘Navarra Suma’ izeneko hiru buruko batuketa honek zein izango duen benetako helmuga, gidarietako bik pentsaera hain kontrajarriak dituztela kontuan hartuta: UPN foruen aldekoa; Ciudadanos, aurkakoa. PPren kaioak nahikoa du bidaideak izatearekin, migrazioan zehar ez galtzeko.

Bideari hasiera eman baino ez diote egin eta Ciudadanoseko arduradun ekonomiko nagusiak Nafarroako Foru Erregimena errespetatzen duela esan du, baina berau ezabatuko lukeela gaineratu du. Luis Garicanoren esanetan, bai Euskadiko zein Nafarroako Itun Ekonomikoak gardentasunik gabe negoziatzen omen dira, kupoak modu opakuan kalkulatzen omen dira. Opakua euren jokabidea da, hauteskundeetara begira euren diskurtsoa ‘modulatu’ egiten dutelako, benetako asmoa beste bat dela jakinik; kukua dakarkit gogora, beste txori baten habian kumea hazi eta handia denean hango jabeak botatzen dituena.

Koalizioak eta akordioak zilegi dira politikan, baina ez da bidezkoa hautesleei gezurretan aritzea. Batuketa honen ‘pegamento’ bakarra Espainia da, ez Nafarroa, izenak bestelakoa adierazten duen arren; alderantziz, elkartu diren hiru alderdien arteko batuketa ez delako bateragarria gaur egun ulertzen dugun Nafarroarekin. Gauza bera gertatuko litzateke Euskadin akordio hau hedatzeko Alfonso Alonsok egindako gonbidapena gauzatuko balitz. Foruen amaiera nahi ote dute? Euskadi gutxiago. Nafarroa gutxiago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario