viernes, 19 de abril de 2019


Zenbat gera?
Zenbat gera: lau, bat, hiru, bost, zazpi? Horrela abesten du Benito Lertxundik Euskal Herriko lurraldeen inguruko ezbaiari buruzko kantan. Oriotarrak berak dioenez, abesten duzun leku bakoitzean modu desberdinean egiten omen dute zenbaketa hori.
Gaur egiten dudan hausnarketa, ordea, hauteskunde kanpainetan hainbeste garrantzi hartu duten telebistako eztabaiden ingurukoa da, batez ere alderdietako buruak joan behar direnetan. Gaur bertan jakin dugu azkenean, Pedro Sanchezek horrela onartu duelako, bi debate egingo direla. Orain arteko zenbaketa okerra izan dela ikusita –bat, bi, hiru, lau eta vox-, ‘lau handiek’ baino ez dute tokirik izango aro moderno honetako pulpitu katodikoan beraien sermoia botatzeko.
Baina, zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi? Lau, behintzat, ez. Asko gara Gorteetako Hauteskundeetara aurkezten garen alderdiak, eta horietako gutxi batzuek ordezkaritza dugu bertan. Horren arabera egiten omen da telebistako debateetan parte hartuko dutenen aukeraketa, nahiz eta urteekin ikusi izan dugun bai kopurua eta bai irizpidea aldatzen joaten dela… interes informatiboaren arabera? Buruz buru, lau izkinako ringa... Bostera zabaltzeko asmoa ere izan dute, baina hortik gora… Hortik gora, antza denez, gehiegi da.
Gauzak horrela, gure bozka hautestontzira eraman behar dugun astean bertan Estatu guztiko bazter guztietan lau alderdi handien –ordezkaritzaren aldetik- buruen hitzak entzun ahal izango dira. Hitzak diot, irain eta erasoak izango direlako nagusi eta proposamenak gutxi. Honenbestez, aukeraketa euren artean izango delako itxura hartuko diote askok; eta hau presidente izan dadin edo, kontrakoa, bestea izan ez dadin, lau horietako bati emango diote botoa.
Baina, hauteskunde hauek ez dira presidentea aukeratzeko. Euskadin inork ezingo dio botorik eman Sanchez, Casado, Iglesias edo Riverari; eurak ez dira Euskadin aurkezten, euren alderdiak baino. Hauteskunde hauetan Kongresurako ordezkariak aukeratzen dira, haiek presidentea aukera dezaten. Jokoan dagoena da Kongresuan eragina nork izango duen, euskaldunon beharrak eta ardurak nork aterako dituen mahai gainera. Lau hauek ez dute Euskadi buruan; debatean ateratzen badute izango da ‘Cuponazoa’ kritikatzeko edo ETArekin gure izena zikintzeko ahaleginetan; haien asmoetan ez dago Euskadiren alde egitea; orain arte egin dutena guk eraginda, guk eskatuta, guk derrigortuta egin dute.
Debatean ez gara egongo, baina bai Kongresuan eta Senatuan. Han ez dira izango ez lau, ez bat, ez hiru… eta orduan bai, orduan euskal lurraldeen mesederako gaiak aterako ditugu eztabaidara. Gure burua eta gure bihotza Euskadin daudelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario