Gernika oroimenean
Gaur apirilaren 26a da, Gernikako bonbardaketaren
urteurrena. Urtero legez, 1937ko arratsalde hartan gertatutako sarraskia
gogoratuko dugu penaz eta saminez. Batzuentzat bereziki mingarria izango da,
duela 82 urte Gernikan izan zirelako zerutik jaurtitzen zituzten bonbei ihes
egin nahian; familiarteko edota lagunak galdu zituztelako egun madarikatu hartan.
Behin baino gehiagotan eskatu dugu Senatuan Gernikako
bonbardaketaren inguruan Estatuko informatzaile ofizialek jaurti zituzten
gezurrei amaiera eman eta Estatuko egungo arduradunek Francok erasoan izan zuen
erantzukizunagatik barkamenak eska ditzaten; hain zuzen ere, indarkeriaren beldurrarekin
benetan gertatutakoa berrogei urtez isilarazi zuen Estatuko buruaren erantzukizunagatik.
Duela bi urte Iñaki Oyarzabal izan zen –bai, Arabako Ahaldun Nagusia izan nahi
duen PPko kidea- ezezkoa justifikatu zuena, gerra guztietan bando guztiek gezurra
esan ohi dutela argudiatuz. Iaz Gernikako bonbardaketaren dimentsio historikoa
aztertuko lukeen nazioarteko kongresua sortzeko egin nuen proposamenari ere uko
egin zion PPk, bonbardaketak alde biek egin zituztela esanez.
82 urte igaro dira Gernikako bonbardaketa gertatu zela eta
ez Francok –jakina-, ez PPko ezta PSOEko Gobernuek inoiz ez dute barkamenik
eskatu nahi izan egun beltz hartan zerutik heriotza bota izanaren erantzulea lau
hamarkadatan zehar Estatuko buru izan zen arren. Francorekin baino urte gehiago
igaro dira Francorik gabe orduz geroztik, baina oraindik ez da horrelako
keinurik eman.
Gaur apirilaren 26a da. 1937an zerutik jaurtitzen
zituzten bonbei ihes egin zieten gernikar gero eta gutxiago dago bizirik. Askok
ez dute aukerarik izan Estatu espainiarraren ahotik euren bihotzetan gordeta
duten samina leunduko liekeen hitzik entzuteko; ea ez den beranduegi gutxi
batzuek, behintzat, aurten ez bada laster, justizia egingo lukeen aitorpena
jasotzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario