Askotan ozen, askotan ixil
Asko kostatu zait egun hauetan EH Bilduren
jarrera ulertzea. Alde batetik, Madrilen zein garrantzitsuak eta eragingarriak
izan diren goraipatzen aritu dira, Espainiaren gobernagarritasunaren alde euren
botoa eman eta gero. Harritzekoa da, EAJk Euskadiren interesak defendatzeko Madrilgo
Gorteetan parte hartzeagatik urteetan zehar guri esan dizkigutenak esan eta
gero! Ongi etorri… berrogei urte berandu.
Dena dela, Madrilgo funtzionamenduarekin
txundituta-edo, hango politika egiteko moduaz ere kutsatu direla ematen du eta,
Legebiltzarreko osteguneko saioan, duela urte asko bizitzen genuen bezalako giro
ozpindua ere gurera ekarri zuten, hitzaldi oldarkor eta lotsagarria eginez.
Julen Arzuagak botatako biraoak eta irainak ez dira onargarriak; Lege batekin
edo talde batekin kritikoa izan daiteke baina, ordukoan, bere onetik atera zen.
Gustatuko litzaidake ETAren historia aztertzerakoan EH Bilduk bere parlamentarioak
azaldu zuen haserrearen erdiarekin gaitzetsiko balu erakunde armatuaren jarduna.
Penagarria dena, ikuskizun tamalgarri honen
erruz atzo benetan garrantzitsuena izan zena bigarren plano batean geratu izana
da. Hain zuzen ere, 1978tik 1999ra Poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten
biktimak aitortzeko lege erreforma onartu zuela Eusko Legebiltzarrak.
Biktimek aitortza behar dute; denek.
Biktimarioek gaitzespen argia behar dute; denek. Bidegabeko gehiegikeria batzuk
sendo eta ozen defendatzen dituztenek arrazoiaren zati handia galtzen dute
euren diskurtsoan beste norabide bateko bidegabeko gehikerien aurrean ixilik
geratzen direnean. Ea ez dugun beste berrogei urte itxaron behar horrelakoak
entzuteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario