Maroto Genovakoa
Estatuko Gobernua osatzeko dagoen zarata eta
adierazpenen artean, ia oharkabean, beste erabaki adierazgarri baten berri izan
dugu egunotan. Carrera de San Jeronimon Sanchezen etorkizuna bozkatzen den
bitartean, Gaztela eta Leongo Parlamentuak Javier Maroto izendatuko du senatari
autonomiko moduan Alderdi Popularrak proposatuta.
Erkidego bateko ordezkari izateko erkidego
horretan sekula bizi izan ez den persona bat aukeratzea, nire iritziz, ez da
aproposena. Dena dela, erabakiak harridura handia sortu badu ere, nire ustez
itxura arazoa besterik ez da. Izan ere, ondorio praktikoei erreparatzen badiegu,
Gaztela eta Leon zein Euskadi ordezkatuta ere, Marotok, orain arte bere
alderdikideek egin izan duten moduan, Genovaren interesak baino ez ditu defendatuko.
Marotoren izendapena kritikatu dutenek Gaztela
eta Leongo arazo eta beharrizanak ez dituela ezagutzen esan dute; eta zer
ardura du horrek? Iñaki Oyazabal bere alderdikideak ondo baino hobeto ezagutzen
zituen arabarren arazo eta beharrizanak eta ez zien jaramonik egiten; ez
bakarrik irtenbideen alde egiteari uko eginez, baizik eta kontra ere bozkatuz.
Forondako aireportua 24 orduz zabal zedin, Gernikako Estatutuak jasotzen dituen
transferentziak bete ez daitezen, Trebiñu Araban integratzeko dagoen nahia
isilaraziz…
Enklabeari dagokionez, Maroto Araba izatearen alde
agertu zen duela urte batzuk, “eskubide historiko eta administratiboengatik,
eta kultura sustraiengatik”; ea zer dioen orain bere barruan Burgos hartzen
duen Erkidegoko ordezkari denean Goi Ganberan. Egia esan, duela hilabete batzuk
“Gasteiz eta Arabaren alde beti” esaten zuen pertsonaren aldetik ez dut uste koherentzia
gehiegi espero denik.
Arabarrek ez zuten Kongresurako aukeratu, baina,
azkenean, Segovian erroldatu eta gero, Senatura helduko da Javier Maroto. Arabar
bat Gaztela eta Leon ordezkatuz. Noren ahotsa izango da? Arabarrena ala Gaztela
eta Leongoena? Bada, ez batzurena ez besteena. Casadoren ahotsa izango da Genovaren
aginduak betez. Arazoa aspaldikoa da, oraingoa itxura arazoa besterik ez da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario