viernes, 17 de enero de 2020


Aspaldiko 2014

Gaur hamar egun bete dira Pedro Sanchez Estatuko Gobernuko Presidente hautatu zenetik; oraintsura arte, ohikoa zen 100 eguneko konfiantza marjina ematea Exekutiboei euren jarduna epaitzeko baina egungo Estatuko politikan hamar egun ere gehiegi iruditzen zaie batzuei eta lehen minututik direnak eta ez direnak zorrotz kritikatzen dira. Izan ere, gaur egun, nahi ala ez, bizitza izugarrizko abiadan doalaren irudipena daukat. Gauzak etorri bezain azkar doaz.

Madrilgo politikan gauza asko gertatu dira eta, behingoz, jarduera normala hastera goazela dirudi. Igandean Ministroen zerrenda argitu zen; bueno, argitzen amaitu zen, aldez aurretik izenak ur tanten moduan ezagutzen joan ginelako. Eta guztien artean, hara non, tolosar bat atera zen. Berri ona “guretzat”; tolosarrontzat, alegia. Kanpo Harremanetarako karteraren ardura, gainera, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bejondeiola!

Hala eta guztiz ere, zer pentsatu gehien eman didana Podemos Gobernuan sartzearena izan da. Nire buruari galdera diot: nola irentsiko du bere jendeak urrats berri hau? Gogoan dut, orain dela sei urte, 2014an, Europako Hauteskundeetara aurkeztu zirenean zuten mezua eta oraingoan alderatuta… Egia esan, ez nuen uste ordutik hona Gobernura sartuko zirenik. Ikusiko dugu nola doan baina guztion onerako apustu hau ondo atera beharko litzateke, nahiz eta ez den erraza izango. Gobernu iraunkorra izan dadin bi aldeek zerbait irabazten dutenaren sentsazioa eduki behar dute, bestela “malo”. Ez dakit hori gertatzen ari den ala ez, eta horrela ez bada, lehenago edo beranduago ikusiko dugu, baita nabaritu ere.

Orokorrean, Madrilen politika ozpinduta dago. Oso ozpinduta. Erabiltzen den hizkuntza, esaten direnak… Ez da erraza han mugitzea, baina horretan asko laguntzen du helburuak garbi edukitzeak; eta guretzat Euskal Agenda izan behar da erreferentzia, lehen eta orain; apaltasunez egindako lanarekin, pausuak tentuz baina sendo emanez, gure bidea zuzen egiten jarraitzeko. Eta leihotxo hau gure lanaren testigu izango da.


No hay comentarios:

Publicar un comentario