Orain… euskara
Politika hiritarren bizimodua hobetzeko eta haien
arazoak konpontzeko jarduera dela argi dugu horretara dedikatzen garen
gehienok. Halere, badaude liskarra bilatzea eta arazoak sortzea helburu bakarra
dutenak beraietaz hitz egin dadin politikaren lehiaren lehen lerroan egunero
tinko ari direla erakutsi nahian.
Horixe da Estatuko ultraeskuindarren alderdiak
jarraitzen duen estrategia piromanoa: arazoei irtenbideak aurkitzeko gaitasun
eza nabaria izanik, han-hor-hemen oihartzun handia emango dioten gaiak bilatzen
dituzte sua piztu eta denbora tarte batez haren aldamenean komunikabideen
berotasunean mantenduz.
Euskadiren eskubide historikoak, Katalunia,
Gurasoek hezkuntza gaietan erabiltzeko ‘Pin’ delako hori eta orain… euskara, nola
ez. Eusko Jaurlaritzak Udaletan gure hizkuntzaren erabilera arautzeko dekretuaren
aurkako helegitea jarri dute Euskal Herriko Auzitegi Gorenean “Konstituzioaren
aurkakoa” edota “arrazista” dela esanez, besteak beste. Berdin da gezurra
izatea edota zenbat lan egin behar izan den gaur egun gure gizarteak lortu
dituen adostasunetara heltzeko, haien izateko arrazoia liskarra sortzea baino
ez denean.
Dagoeneko inor ez zen harritu beharko
ultraeskuindarren jokamolde honekin, horrela hazten ari baitira hauteskundez
hauteskunde. Arraroena da Alderdi Popularra haien ildo beretik aritzeko erakusten
ari den joera itsua. Oraingoan EAJkook euskara gure interesen alde “instrumentalizatu”
egiten dugula aurpegiratu digute, nabaria denean euren helegitea arma politiko
moduan erabiltzen adi direla, hain zuzen ere, euren interesen alde.
Estrategia honek ez dauka arrakasta handirik Euskadin,
eskubiko hiru alderdiek hauteskundeetan izaten duten babes urria ikusita. Baina,
antza denez, politika egiteko modu honekin beste lurralde batzuetan uzta
jasotzeko baliagarria zaie; hori bai, hainbeste su eragin ondoren lur gehiegi
erre eta ihartzen ez zaien bitartean, ostean zailagoa delako haziak ernatzea
eta haztea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario