Bye ala bai
Ostirala da eta, honenbestez,
bukatu da Europarako oso garrantzitsua izan den astea.
47ko Europa. Aste honetan Estrasburgon
egon naiz, 47 herrialdek osatzen duten Europako Kontseiluko bileran, eta
hainbat gai garrantzitsu tratatu dira bertan. Poloniako erakundeetako
funtzionamenduaren zaintza, gerra inguruetan bizi diren haurren aberriratzea,
pertsona migratzaileen trafikoa… Guztiak ere, giza eskubideen alde lanean
jarduteko gaiak izan dira; gehitzeko, eraikitzeko.
27ko Europa. Britainia Handia
Europako Batasunetik kanpo geratu eta gero, aurrerantzean erakundea 27 herrialdek osatuko
dutelarik. Kenketa hau ez da entzun nahiko genukeen berririk gustukoena baina
hauxe da errealitatea eta horrela gestionatu beharko da. Mundua bizitzen ari
den garai garrantzitsu honetan erronka are handiagoa egiten du egoera berri
honek, baina aukera bat bezala hartu behar dugu Batasunean.
Brexit delako hau gauzatu besterik egin ez denean oso
goiz izan daiteke etorkizunak zer emango duen esateko, baina intuizioak esaten
dit Britainia Handia Europako Batasunera itzuliko dela, bai ala bai; ez dakit
noiz edo nola, baina Batasunak erakartzeko indarra eta gaitasuna du eta
horretan jardun beharko dugu.
Bihartik aurrera aztertu beharko den beste egoera
bat Eskoziarena izango da. Ikusiko dugu hango errealitatea nola gestionatzen
den. Argi dago Britainia Handia eta Estatu espainiarreko legeen espirituak
desberdinak direla, baina Mantxako kanaletik haratagoko irletan gertatzen denak
asko markatuko du beste inguru batzuetan eman daitekeen etorkizuna.
No hay comentarios:
Publicar un comentario