Fronte nazionala
Moderatzailea, bitartekaria…
alegia, elkarrizketa baten lekukoa; hori da arazo guztia.
Hilabeteak dira Estatu
mailako Alderdiek ez dutela politikarik egiten. Eskuinean dauden hirurak Katalunia
eta Estatuko Gobernuen arteko elkar ulertzea baliatu ahal izango lukeen ‘figura’
hau proposatzearen aitzakia aprobetxatuz, manifestazioa deitu dute igande
honetarako. Hori bai arduragabekeria!
Hilabeteak dira Estatu
mailako Alderdiek muturreko adierazpen sutsuak egiten jarduten direla.
Eskuinean dauden hirurak Pedro Sanchez Moncloatik ateratzea dute helburu eta
beraien ‘tridentea’ Presidentea etengabe ziztatzea hartu dute egiteko bakartzat.
Oraingoan, komunikabide
zein sare sozialetarako pozoiz beteriko hitzak alde batera utzi eta kaleetara
eramango dute frontea: fronte nazionala. Ez da lehen aldia Alderdi Popularrak
kalea astintzen duena; eskuin nazionalista espainiarra hirutan zatitu baino
lehen egin zuen eta bere kimu berriekin ere egin du. Gogoratu, Altsasura elkarrekin
joan zirela, orduan ere gori-gori dagoen herri batean gasolina isurtzen.
Baina igandean Madrilen
izango den manifestazioa ez da edonolakoa: igandea ez da edozein igande. ‘Proces’
delako ekimenean aritutako politiko katalanen epaiketa hastear dagoen
bezperatan egingo da. Justizia independentea omen da, euren esanetan, baina
badaezpada ere, epaiketa hasi baino bi egun lehenago presioa sartu nahi dute
Casadok, Riverak eta Abascalek.
Politiko katalanek ideia
batzuk defendatu dituzte; ez dute besterik egin. Honek ezin du bestelakorik
suposatu eta guk kalean nahi ditugu. Behin behineko kartzela zigorraren zama
lotsagarria da. Baina momentu hauetan, zoritxarrez, Espainiako politika
komunikabide eta sare sozialetan gauzatzen ari da. Hau benetan lotsagarria da. Moderazioa
baino gehiegikeria nagusitzen ari da. Berdin zaie edozer gauza; marrazoak odola
ikusten duenean eraso egiten duen moduan, eskuinak ikusten du Pedro Sanchez eta
Alderdi Sozialista ahul daudela eta horretan ari da: erasoa, berriz ere hauteskundeetara
deitzeko, orduan beraiek boterea izango dutelakoan.
Besteoi nazionalista
deitzen digutenak, iraina izango balitz bezala, bandera gorri eta horiarekin
bilduko dira beste behin (Una, grande y… ¡Una!), euren nazioaren aurka ari den
etsaiari aurre egiteko prest; alegia, Sanchez jaunari.
Bitartean, CISek berriro
azalduko du gizartearen kezka nagusiena enplegua dela…
No hay comentarios:
Publicar un comentario