Politika eta espiritu santua
Gaur argia ikusi dut.
Orain arte ulertezinak egiten zitzaizkidan hainbat gauza ulerterrazagoak egin
zaizkit.
Ostiralero irakurtzen
didazuenok jakin badakizue nik ez dudala atsegin hitz gordinak erabiltzea eta
politikak gaur egun bizi duen iskanbilarekin herritarrei giro txarra
helaraztea. Alderdi politiko askotako buruzagiek arazoei irtenbideak bilatzeko hartu
beharko luketen denbora egunkarietan titular iraingarria edo sareetan txio
erasokorra bilatzeko erabiltzen dute; txioak baino mokokadak izaten dira
gehienak.
Asteon ikusi berri dugu
Alderdi Popularrak kontuak eskatu dizkiola Estatuko Gobernuari lehen urratsak
eman dituelako euskal eskuduntzak direnak behingoz aurrera eramateagatik. Meritxell
Bateten agerraldia eskatzearekin batera, PPk adierazi du Pedro Sanchezen
Gobernua Estatua deuseztatzen ari dela. Ene bada! Hasieran harritu ninduen, ez nuen
ulertzen: Alderdi Popularraren leloa beti izan da “legea betetzea; eta legea
gustukoa ez bada, aldatzea”. Garaiekin batera, halere, leloak ere aldatu egin
dituzte, antza: “Legea bete… baina nire gustukoa denean”, ematen dute
ulertzera.
Hasieran esan dizuedan
moduan, gaur argia ikusi dut. Ameriketako Estatu Batuetako Presidentearen
bozeramaileak ireki dizkit begiak. Sarah H. Sanders-ek esan berri du Donald
Trump presidente dela “Jainkoak horrela erabaki duelako”. Duela ez hainbeste
urte Estatu espainiarrean agintzen zuen beste batek ezarri zuen bezala, “Jainkoaren
graziagatik”. Beno, euskaratzerakoan, ‘dohaina’ hitza erabiliko dut, ‘grazia’
gutxi egin zuelako berrogei urtetan zehar.
Agian, Alderdi Popularreko
presidente berria ere Gorenak jarri du bere postuan, edo bere mezua heltzen
zaio eta bere Legearen Taula propioak helarazi nahi dizkigu. Donald Trumpen
inguruko azalpenarekin Nicolas Maduro etorri zait burura; Venezuelako presidenteari
txoritxo batek hitz egiten omen dio eta Hugo Chavez komandantea omen da bere
buruaren inguruan hegan dabilkiona. Beharbada, Pablo Casadori Aznar agertzen
zaio kaio itxurarekin, edo aztore edo arrano irudia hartzen duen besteren bat, legea
betetzearena beti ez dela hain beharrezkoa esaten diona.
Gaur argia ikusi dut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario