viernes, 15 de febrero de 2019

 

Hurrengo geltokia: apirilak 28

Ostiralero blogarekin dudan hitzorduari erantzuna emateko unea Pedro Sanchezek hauteskundeak deitzeko iragarpenarekin batera suertatu zait. Erreakzioak bata bestearen atzetik irakurri eta entzuten ari naiz, bakoitzak bere interesen araberako irakurketarekin, noski.

Oso denbora gutxitan, 2015eko abenduan, 2016ko ekainean eta 2019ko apirilean, hiru hauteskunde biziko ditugu Madrilgo Gorte Nagusietarako ordezkariak aukeratzeko, eta burura etorri zaidan irudia dirua jokatzeko makina horiena izan da: txanpona bota eta bota ari den jokalariarena laranjak, mahatsak, gereziak edo okaranak lerroan agertu arte, bilatutako uzta jaso ahal izateko. Askok burua galtzen dute dirdira egiten duten argien artean eta berdin izaten zaie zenbat diru xahutu jardun horretan irabazi izanaren poza lortuz gero.

Estatuan jokatzen ari diren partidan aldaketa gutxi izan da orain arte egindako apustuetan eta, fruta aleak berdintsuak izan direnez, ezin izan da inor argi nagusitu. Hurrengo botaldian egon daitekeen diferentzia bakarra Podemos maldan behera doala da, eta Alderdi Popularra bera ere gaizki doala hauteskunde horietara. Gezurra baldin badirudi ere, eskuina zatituta doa, ezkerra doan bezala, eta hor izango dute euren eztabaida.

Bitartean, euskaldunok esaten dugun moduan: gu gurera. Orain arte bezala, argi eta garbi azaldu dugu egonkortasunaren aldeko lana egin dugula eta egingo dugula. Guk euskaldunon interesak defendatuko ditugu: negoziazioak eduki ditugu, bai batzurekin zein beste batzurekin. Indartsu egon beharrean gaude ardurak izango ditugun leku guztietan. Madrilen asko dago jokoan eta hantxe egongo gara. Gure aldeko apustua segurua da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario