Zenbaki begidunak
Joan den igande arratsaldeko 20:00etatik
aurrera, zenbakien dantza etengabea izan da. Alderdi bakoitzak Kongresuan eta
Senatuan lortutako ordezkariak, blokekako banaketak, gobernatzeko balizko
akordioak egiteko aukerak, hainbateko igoerak edo jaitsierak, portzentajeak…
Batuketak eta kalkuluak luzatu egingo dira
oraindik aste batzuetan; udal hauteskundeetara arte edo, behintzat, Moncloan Gobernua
osatu arte. Ordura arte, lortutako ordezkaritzei ‘eserleku’ ere deituko diete
behin baino gehiagotan Gorte Orokorretako arduradun izango garenen izen
abizenei erreparatu ere egin gabe.
Gaurkoan, dena dela, datozenak baino joango
direnak etorri zaizkit burura; azken urteotan Senatuko hemizikloan eta
pasilloetan hainbatetan izandako senatariak edota haien laguntzaile eta
aholkulariak. Batzuekin hurbiltasun ideologiko edo pertsonala izan dut; beste
batzuekin, lehena edo bigarrena, bigarrena edo lehena; eta beste batzuekin ez
bata ez bestea. Guztiak, halere, begiak eta aurpegiak dituzten pertsonak;
biziak eta familiak. Batzuk euren lehengo lanpostuetara bueltatuko dira eta
beste batzuk berriaren bila hasi beharko dira. Guztiei nire desiorik onena opa
diet euren ibilbide berrian.
Amaierarako utzi ditut nire lankide izan
direnak: hemizikloan, pasilloetan, bulegoan, baita ideologikoki zein
pertsonalki hurbilen izan ditudanak ere. Beraien eginkizuna bikain bete ostean,
Jose Mari Cazalis, Maria Eugenia Iparragirre eta Victoriano Gallastegi ez dira
izango gure ordezkari Senatuan aurrerantzean. Ziur nago datozen kide berriek
ere bikain beteko dituztela beraien ardurak, baina ziur nago, baita ere, faltan
izango ditudala Kasuren umore zorrotza, Marujaren prestutasuna eta
Victorianoren baikortasuna, beste ezaugarri askoren artean.
Orain arte, sei izan gara Senatuko Euskal
Taldean eta aurrerantzean hamar izango gara. 6-3+7=10. Apirilaren 28ko
hauteskundeen osteko eragiketak emaitza positiboa eman du baina tartean,
kenketan kanpoan geratu diren zenbaki begidunak faltan botako ditut. Eskerrik
asko eta animo!
No hay comentarios:
Publicar un comentario