Desioa eta errealitatea
Senatuak XIII. legegintzaldiari eman
zion hasiera asteartean eta, ikasleek ikasturte hasieran egiten duten moduan,
asmo on asko entzun ziren ekitaldian parte hartu zuten guztien ahoetatik.Gehien
errepikatu zen asmoa, kopuruari dagokionez behintzat, Espainiako Konstituzioak
dioena betetzea izan zen, zin eginez edo hitza emanez, bakoitzak nahi izan
genuen formula erabilita. Jeltzaleok “halabeharrez” egin genuen eta kataluniar
subiranistek euren egoera politikoa aldarrikatu zuten; batzuentzat formula
horiek onartezinak dira –zin egiteko formulak arautzeko eskatu du PPk- eta aho
betean egiten dute zin euren Lege Nagusia goretsiz… Ea, legegintzaldian zehar hainbeste
errespetu merezi omen duen Konstituzio horri benetako errespetua erakusten dioten
bere edukia betez.
Hitzaldietara pasatuz, Adineko Mahaia
zuzendu zuen Juan Jose Lucasek eta Presidente berria izango den Manuel Cruzek pso
espiritu baikorra erakutsi zuten. Hau esaten dut, bai PPkoak eta bai PSOEkoak
Senatua birmoldatu eta Europako beste Goi Ganberen antzekoa izan dadin
aldarrikatu zutelako; Lucasek, gainera, hitz politak esan zituen politikaren
jardun ona egiteko egin beharrekoak azalduz: kuriosoa da azken legegintzaldian
Senatua bere nahi eta interesen arabera erabili duen alderdi politiko bateko
ordezkariak orain horrelakoak esatea.
Presidente berriari tarte bat emango
diogu emango diogu, momentuz, erakutsi zituen asmo onak gauzatuko dituen ala
haizeak eramango dituen hitzak baino ez ziren izan jakiteko. Esan beharrekoak
esan zituen: Estatuaren kohesioari laguntzeko datorrela, Ganbera alderdikeriaz
erabiltzeko tentazioa uxatu behar dela, elkarrizketa eta akordioa lehenetsi
behar direla, Estatua anitza eta askotarikoa dela… Tartean, aritmetika
parlamentarioak agintzen duenetik haratago begiratu eta denok akordioak
bilatzeko ausardia izan dezagun ere eskatu zuen, arrazoi eta argudioen pisua
nagusitu dadin…
Desio guzti hauek entzunda itxaropena
piztu zitzaidan, baina aldamenera begiratu eta errealitatearen aurrean jarri
ninduen alboko eserlekuan Raül Romeva ikusteak. Espetxetik Osoko Bilkurara
poliziak ekarri zuen ERCko agintariaren egoera Ganbera honetan bertan Konstituzioaren
155. artikulua aplikatzearen ondorio izan zela gogoratu nuen; Manuel Cruzek elkarrizketa
eta aniztasuna aipatu arren, bere alderdi politikoak ere onartu zuen neurria -PP
eta Ciudadanosekin batera, besteak beste-; Senatuko presidente berriak
aritmetika parlamentarioaren gainetik arrazoia nagusitu behar dela aldarrikatu arren,
PSOEk ez zuen arazorik izan aurreko taldeekin bat egin eta Kataluniako
autonomiaren esku hartzea inposatzeko.
Errealitatearen adierazgarri izan zen,
baita ere, Rafael Hernando popularrak Osoko Bilkuran izan zuen keinu itsusia:
Romeva bere kargua hartzeko hitza ematen ari zela nahita eten zuen bozgorailuetatik
zin egitea zegokion hurrengo senatariaren izena esanez. Ostean esan zituen hitz
itsusietaz aparte, bere alderdiaren eta beste batzuen jarrera zein izango den
iragarri ziguten.
Kongresuko Mahaiak preso dauden diputatu
subiranisten kargugabetzea erabaki izanak eragina izango du datorren astean Senatuko
Mahaian Romevaren egoera aztertzerakoan. Argi dago, beraz, batzuen jarrera ez
dela batere aldatu nahiz eta gizarteak elkarrekin hitz egiteko eta akordioetara
heltzeko agindua eman digun. Hitz ederrak entzun genituen gure lehenengo egunean,
baina gauza bat dira desioak eta bestea errealitatea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario