Hamar, bikain
Irakaskuntzan, hamar
bikaintasunarekin erabat lotuta dago. Atzo, Senatuan legegintzaldi honetan
izango garen hamar senatariak elkartu ginen gure akreditazioa egiteko eta, zenbaki
biribil eta esanguratsuaz gain, Talde parlamentario bikaina osatuko dugula
baieztatu nuen.
Prestakuntza eta esperientzia
aldetik ez daukat zalantzarik gure eginkizuna ezin hobeto beteko dugula: Legebiltzarrean,
Jaurlaritzan, Batzar Nagusietan eta Udaletan jardundako jendea gara; abokatuak,
irakasleak, ingeniariak, kazetariak, medikuak…; euskal hiztunak, berdintasunean
adituak… Generoari dagokionez ere, sei emakumezko eta lau gizonezko.
Oreka erakusten dugun beste
eremu bat lurralde ordezkaritzan da; izan ere, senatari autonomiko moduan
dagokidan paperaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko
bakoitzeko hiruna ordezkari dauzkagu. Horien artean, arabarren presentzia
nabarmendu nahiko nuke. Hain zuzen ere, hamar urte betetzen dira aurten azken
ordezkari jeltzalea, Paulino Corcuera, Goi Ganbera utzi zuenetik eta orduz
geroztik arabarren ahotsa itota egon da Estatuko alderdien interesei men egin
izan dioten ordezkarien ahoetan. Laster ozen entzungo da!
Ez nuen gutxiagorik espero,
baina guztiei sumatu nien lanerako gogoak are gehiago motibatu ninduen etapa
berri honengan daukadan ilusioa oraindik gehiago pizteko. Gehiengoak aldatu
dira eta, Alderdi Popularrak berez balio gutxituta dagoen Goi Ganbera oraindik
gehiago debaluatu ostean, aurrerantzean gehiengo osoa izango duen Taldeak
aurrekoen akats berberak errepika ez ditzan espero dut, denoi garrantzitsu
izateko aukera emanez.
Lanera gatoz. Euskadi eta Estatuaren
arteko harremana aldebikoa izan behar dela aldarrikatzen badugu ere, EAJ-PNV
beti egongo da Euskadiren interesak jokoan dauden erakunde guztietan; Senatuan
ere bai, noski! Lurralde ordezkaritzarako omen den Ganberari dagokion papera
eman nahi diogu, eta ez Estatuko lurraldetasun arazoen aurrean errealitatearekiko
entzungorrarena egiten duena. Arazo politikoak zigor eta epaileen ebatziekin lurperatu
nahi dutenek politikari berari ere lur palakadak botatzen arituko dira. 155aren
Ganbera elkarrizketa eta adostasunaren Ganbera izatea lortu behar dugu.
Zenbakia, prestakuntza,
esperientzia eta lanerako gogoa kontuan hartzen badugu, gure kalifikazioa hamarra
da. Orain gure helburua lan egitea da; Euskadiren alde, euskal herritarren
interesen alde: Euskal Agenda. Egia esan, benetako kalifikazioa azken
azterketan erabakitzen da: lau urte barru, edo behintzat legegintzaldia amaitzerakoan,
baina oinarri sendoak ditugu eta ez dut zalantzarik gure hamarra bikaina izango
dela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario