Politikaren bolondresak
Gaur, maiatzak 10, berriz ere kanpainan sartu gara. Oraingoan, hiru erakunde
berritzeko deitu gaituzte eta maiatzaren 26an hiru hautestontzi izango ditugu
gure iritzia emateko: Europako Legebiltzarrerako ordezkariak, Foru Legebiltzarrerakoak
eta Udaletako ordezkariak aukeratzeko.
Guztiak garrantzitsuak izanik ere, azken hauetan jarri nahi dut gaur
arreta. Izan ere, nire ikuspuntutik, Udaletako lana da politikaren benetako
boluntarioek egiten dutena. Gehienetan baldintza ekonomiko xumeetan edo,
zuzenean, musutruk egiten direnak; norberaren denbora librea eskainiz herria eta herritarren alde lan egiteko egiten direnak; jarduera publikoari
ekiteko aurrera pausoa ematen duten ia guztiek legez herritar askoren haserrea
eta mesfidantza jasotzea eragiten dutenak.
520 Udalek agintari berriak izango dituzte hurrengo igandetik aurrera
Euskal Herrian: 41 Araban, 89 Gipuzkoan, 112 Bizkaian eta 272 Nafarroan. Milaka
lagun, bakoitzak bere herrian ahalik eta hoberen bizi dadin ahaleginean arituko
direnak. Politika modurik altruistenean egiten duten emakume eta gizon hauek,
nire iritziz, errekonozimendua behar dute; are gehiago gure jarduerak azken
urteotan hain fama txarra hartu duenean, beraien denbora, lana eta jakituria
eskaintzeko aurrera pausua eman dutenean.
Ni ere alkate izandakoa naiz eta lan horren gaziak ezagutu ditut, baina
baita gozoak ere. Izan ere, oraindik pentsatzen dut, izan dudan ibilbide
politiko guztian, Tolosako alkate izan nintzeneko garaiak izan zirela gehien
bete nindutenak; bere gazi-gozo eta guzti. Herritarrekiko harreman zuzena;
hartutako erabakien onurak bertatik bertara ikusi ahal izatea; gehienentzat txikikeria
iruditu arren, sufritzen ari denaren arazoa konpondu ahal izatea; norbere
herria hobetzen ari zarela ikustea… Hainbat eta hainbat dira, beraz, erantzukizun
honetan jarduteak dituen sariak. Baita jende asko eta askoren esker ona ere.
Horregatik, alkate eta zinegotzi izan zaretenoi eta maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean ardura horiek izateko ohorea izango duzuenoi, nire errekonozimendua
eta eskerra!
No hay comentarios:
Publicar un comentario