Agur Gorrotxategi
Kontraesankorra
da zutaz hitz egin eta sentimendu gazia adieraztea. Baina, nahiz eta hainbeste
urtetan zure jardun bikainarekin gure bizia gozatu duzun, zure agurrak garraztu
egin du nire aldartea.
Madrilen nengoela,
lagun batek telefonoz eman zidan albiste txarra: “Joxe Mari Gorrotxategi hil da”
eta, atsekabearen ondoren, bat-batean, atzera begiratu eta zurekin bizitako
momentuak gogoratzen hasi nintzen. Eta asko izan direla konturatu nintzen. Langile
fina, nire aita baino bi urte gazteagoa; asko pasatako generazio baten adibide.
Tolosan ezaguna izan
zara, Gorrotxategi gozotegiko arima izan zarelako, baina Euskal Herri osora ere
heldu da zure fama, eta zurearekin batera herriaren izena ere zabaldu duzu; horrek
asko poztu zaitu, betidanik izan duzun asmoa izan delako. Gizon berritzaile eta
erreferente izan zara.
Argazkilari ona
ere bazinen; irudi plastikoa, koloreak, bizipenak harrapatzen zekiena. Baina zure
90 urteko bizitza oparoan, besteongan ere hainbat bizipen utzi dituzu grabatuta.
Alkate nintzela urtero ekartzen zenidan larrosa bat udaletxera San Juan egunean.
Nik maitasun handiz jartzen nuen bulegoan, eta urte osoan egoten zen bertan,
hurrengo ekainaren 23an sutan erre eta hurrengo egunean larrosa berria ekartzen
zenidan arte. Ohitura eder hori mantendu egin duzu urtero Alkate izan
direnekin.
Asteon behin
betiko agurtu zaitugu, Joxe Mari; San Juanetarako egun gutxi falta direnean. Aurten
ez duzu lorea Tolosako udaletxera eramaterik izango, baina agurraren une latz
hauen gazia igarotzen denean, gozotasunez gogoratuko zaitugu. Eskerrik asko eta
egun handira arte!
No hay comentarios:
Publicar un comentario