“Bozgorailu zitala” (Altavoz infame)
Horrela definitu
zuen Mari Mar Blancok Espainiako telebista publikoak EH Bilduko koordinatzaile
nagusiari asteazkenean egindako elkarrizketa: bozgorailu zitala. Adierazpena terrorismoaren
biktimak omentzeko Diputatuen Kongresuan egindako ekitaldian egin zuen Blancok
baina, nork hitz egin zuen, Terrorismoaren Biktimen Fundazioko Presidenteak ala
Alderdi Popularreko diputatuak? Biktima guztien ahotsa izatea zegokion baina
erabilera politikoa egiteko erabili zuen Kongresuak eskainitako bozgorailua.
Biktimek
errespetu eta aitorpenik handiena merezi dute, eta jasan zuten min bidegabea leuntzen
lagundu behar zaie, baina mesede gutxi egiten zaio haien memoriari bakoitzak
bere ideologi eta interesen arabera erabili nahi baditu. Hortaz, agian
irakurketa beste noranzkoan egin behar da: biktimen memoriari mesede gutxi
egiten bazaio, baten bati mesede egiten diolako izango da.
Guztiz bidezkoa
da edozein biktimen taldek bere iritzia eman nahi izatea baina, bidezkoa al da
batasunik ez duen mugimendu batek Gobernu baten osaketa baldintzatu nahi
izatea? Bidezkoa al da hauteskunde demokratiko baten ondorioz herritar gehienen
bozken bitartez nagusitu zen iritzia baino garrantzi handiagoa duzula erakutsi
nahi izatea?
Eztabaidatu
daiteke justu biktimak omentzeko egunaren bezperan bertan Otegi elkarrizketatu
izanaren egokitasuna edo sentsibilitate falta; urteak 365 egun ditu; eta eztabaidatu
daiteke, baita ere, EH Bilduko buruzagiak esandako hainbat mezu. Adibidez, niri
arreta ematen dit, ezker abertzaleko beste askok dioten moduan, eurek
‘biolentzia armatuaren amaieran lagundu dutela’ esatea; hortaz, agian
irakurketa beste noranzkoan egin behar da eta, interpretaziorik bigunenean,
duela bost urtera arte biolentzia armatuarekin amaitzera ez dutela lagundu
pentsa daiteke.
Terrorismoaren
biktimek errespetu eta aitorpenik handiena merezi dute, baina egin behar zaien
omenaldirik onena denon arteko batasuna izan behar da, eta atzoko ekitaldian
zatiketa nabarmendu zen: alderdi politikoena eta biktimen elkarteena ere. Bozgorailuek
arrisku hori dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario