Gordiar korapiloa askatuz
Udal eta Autonomi hauteskundeak Gorte Nagusietako
hauteskundeak baino hilabete geroago egiteak fronte ugari utzi ditu zabalik
gehiengo osorik ez dagoen garai honetan, egoera nahasia sortuz. Aurreko
asteetan eta, batez ere, joan den asteburuan Udalak eta, gure inguruan,
Nafarroako Legebiltzarreko Mahaia osatu ostean, gordiar korapiloa apurka-apurka
askatzen hasi dela esan dezakegu.
Greziako legendaren arabera, Frigiako erregea nor izan
behar zen jakiteko, bere gurdian bele batekin batera Ekialdeko Atetik sartzen
zen lehenak tronua eskuratuko zuela esan omen zuen orakuluak. Baldintza horiek
Gordias izeneko nekazariak bete omen zituen eta honek, behin errege izendatuta,
gurdia Zeus Jainkoari eskaini zion, uztarria eta lantza bertan soka batekin
lotuz, haren muturrak ezkutuan utziz. Inork ez omen zuen berau askatzeko
gaitasunik izan, Alejandro Magnok ezpatarekin moztu zuen arte.
Estatuan zenbait alderdi politikok egun bizi dugun egoera
nahasiaren korapiloa askatzeko sokaren muturrak ezkutatzen dituzte behin eta
berriz, bete ezinak diren baldintzak eta betoak jarriz. Espero dezagun inork ezpatarik
atera behar ez izatea soka modu bortitzean mozteko eta ea guztion artean, politikak
berezkoa izan beharko lukeen elkarrizketa eta akordioaren bitartez, korapiloa
askatzeko modua dugun.
No hay comentarios:
Publicar un comentario