Has
dadila funtzioa!
Funtziotako
Gobernua ari da jardunean Estatu espainiarrean baina, egoera politikoa ikusita,
zirkuko funtzioa ematen du behin baino gehiagotan, batzuen eta besteen
adierazpenak eta jarrerak ikusita. ‘Has dadila funtzioa!’ oihukatu ohi du ikuskizunaren
gidariak pista biribil-biribilaren erditik, baina Estatuan funtzioa aspaldi hasita
dago; izan ere, etengabeko emanaldian dago, kanpaina batetik hurrengora
akrobatak trapeziotik trapeziora jauzi egiten duen bezala.
Ikuskizuna
batez ere komunikabideetan ematen ari den arren, aintzat hartzeko bezalako edozein
zirkutan legez, bi pista nagusi daude hau gauzatzeko: Kongresua eta Senatua.
Gurean, Goi Ganberan, gure lehen eta azken osoko bilkura izan ahal dena eduki
dugun asteon, nahiz eta medioetan gure jardunaren berri handirik ez den eman. Komunikabideetan
gure berri izan bada, Senatuko presidenteak idatzitako liburu batean plagioa
egin omen duela jakinarazi duten albisteengatik izan da. Nola kritikatuko ditut
medioak horrela jokatzeagatik oposizioaren eskubi aldean dauden alderdi
politikoetako ordezkariek ere gai bera erabili badute hemizikloan Gobernuaren
kontrako argudio nagusi moduan!
Dena
dela, foko guztiak pista nagusira, Kongresura begira daude, batez ere Sanchezek
eta Iglesiasek zer egiten duten aztertzen. Ez dut uste hauek ilusionista onek
egiten duten antzera despistatzeko adierazpenak egiten ari direnik azken unean
txisteratik untxi bat atera eta inbestidura gauzatzeko; zeharo harrituko
nintzateke!
Eta
horretan gaudela, Albert Riverak bilera eskatu dio Sanchezi 155. artikulua beste
behin aplikatzeko; zein gobernu esku hartu nahiko du Ciudadanosekoak,
Kataluniakoa ala Espainiakoa? Jarrai dezala funtzioak! The show must go on!
No hay comentarios:
Publicar un comentario