Hauteskundetako fakturak
Asko hitz egin da azaroaren 10ean egin beharko diren hauteskundeen aspektu ezberdinen
inguruan. Gaurkoan, izango dituen kostuak, fakturak, azpimarratu nahi ditut.
Kostuak eta fakturak, horrela, pluralean idatzita.
Irakurri dudanez, antolaketa lanek eta alderdi politikoei dagokien
laguntzek 160 milioi euroko gastua ekarriko omen dute. 2016an onartutako lege
aldaketa bati esker, alderdientzako dirulaguntzak %30 jaitsiko dira hauteskundeen
errepikapena delako, dena dela, azken lau urteotako lau hauteskundeetan 540
milioi euro inguru xahutuko dira.
Asmo onez, herri ekimen baten bitartez milaka lagunek aldedi politikoek posta
bitartez euren etxeetara publizitaterik bidali ez dezaten prozedura jarraitu
dute, alde batetik diru galera arintzeko baina batez ere, nire iritziz, euren
haserrea agertzeko modu bezala.
Pedro Sanchez jarduneko presidente eta PSOEko hautagaia ere, aurrezteko
neurri moduan, alderdi politikoei kaleetan jartzen diren iragarkirik ez egiteko
proposamena helaraziko omen die, aste bakar baterako banderola edota hesietan
jartzen diren iragarkiak jartzeak ez omen duelako merezi.
Orduan, zein bide geratzen zaigu gure mezua herritarrei halarazteko? Denok dakigunez,
oraindik ere telebista da herritar gehienengana heltzeko modurik eraginkorrena.
Eta zer dio Sanchez hautagaiak? Debate bakar batean hartuko duela parte, bost
alderdi baino ez. Eta zer dio Estatuko telebista publikoak? “Logikoak” diren
hiru buruz-buruko antolatuko dituela: Sanchez-Casado, Sanchez-Iglesias eta Casado-Rivera.
Honenbestez, ikus dezakeguna da galera ekonomikoa ez ezik, informazio
aldetik ere galera handia emango dela kanpainan, hainbat alderdiren mezu eta
proposamenak isilaraziko dituztelako, eta pluraltasun informatiboa mugatzearen faktura
hori alderdi txikienek ordaindu beharko dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario