Marra
Senatuko azken hileetako arduretako bat,
Ganberak adierazpen instituzionalak aho batez onartu behar ez izateko bideak
izaten ari da. Duela gutxira arte ez zen arazorik, horrelako adierazpenak
demokrazia eta bizikidetzarekin bat datorren edozein alderdi politikok onartu
beharreko gaietarako proposatzen direlako. Azken legealdietan, ordea, eskuin
muturreko alderdi politiko bat Parlamentura heldu denetik, gizalegezkoa den
edozeinek onartu behar lukeen hainbat proposamen bertan behera geratu dira.
Azken egunotan, eskuin muturreko alderdi
politikorik izan gabe, Eusko Legebiltzarrean ere ezin izan dute adierazpen
instituzional bat onartu, demokrazia eta bizikidetzarekin bat datorren arazo
baten inguruan jardun arren. Alderdi Sozialistako legebiltzarkide baten etxean
eta alderdi horretako eta EAJko zenbait egoitzatan egindako pintada
mehatxatzaileak gaitzestea zuen helburu baina, hara non, ezker abertzaleak uko
egin zion hauen aldeko elkartasuna agertzeari. Gehienez ere, “Idoia Mendiaren
etxeari egindako erasoarekin bat ez datozela” onartu zuen Maddalen Iriartek,
eta horrekin “marra bat gainditu” zela aitortu zuen. Agian gizatasun pixka bat
agertzeko asmoz esan zuenarekin, komunikazio arloan hainbat urtetan aritutako
lehendakarigaiak, esan ez zuena utzi zuen ageriago; hau da: ordura arteko
erasoak, PSE eta EAJren egoitzen aurkakoak, onargarritzat jotzen dituela.
Pintadak COVID-19ak espetxeetan eragin
ditzakeen kalteak salatzeagatik jaso omen zituen mehatxuak salatzeko ETAko kide
bat egiten ari den gose grebari elkartasuna adierazteko egiten ari omen dira. Ezker
abertzaleak salaketa horrekin bat egin nahi izatea ulertzen dut baina,
demokrazia eta bizikidetzaren aldeko edozein pertsona legez, ez dut ulertzen
nola babes daitekeen koakzioa eta mehatxua erabiltzea, are gutxiago azken mende
erdian Euskadin biolentziarekin sufritu dugunarekin. Badaude horretarako beste
tresna batzuk. Hain zuzen ere, Patxi Ruiz ETAkideak gose greba hasi zuen egun
berean Kongresuan bederatzi alderdi politikotako ordezkariek, koronabirusa dela
eta, presoen osasun eskubideak bermatze aldera Estatuko Gobernuari askatasun gabetzearen
alternatibak bila dezala eta hainbat neurri har ditzala exijituz sinatu genuen
adierazpena.
Giza eskubide batzuk aldarrikatzearen
aldeko adierazpen hori sinatu zuen ezker abertzaleak, baina Legebiltzarrean
beste giza eskubide batzuk aldarrikatzearen alde egiteari uko egin zion. Giza eskubide guzti-guztiak onartzen ez dituenak
badaki demokrazia eta bizikidetza mugarritzen duen marraren zein aldetan
dagoen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario