Zekenak?
Zekentzat jo gaitu aste honetan Arnaldo Otegik. Hain
zuzen ere, amnistiaren aldeko manifestazioan zenbait aldarrikapen egin
zituztenak edota zenbait alderdi politikotako egoitzatako hormatan edo etxeetan
mezu mehatxatzaileak pinturaz idatzi dituztenak uztailaren 12an EH Bilduko
apoderatuak izan daitezkeela esateagatik. Hori esatea, bere iritziz, “lerro
guztiak zeharkatzea” da eta “politikak mugak dituela” jakinarazten digu.
Ezker abertzaleko jarraitzaile eta buruzagiek beraien iragana
gogoraraztea atsegin ez dutenez, eta hura gaindituta omen dagoen garaia dela
diotenez, ez dut nire hausnarketan urte asko atzera egingo baina, onartu beharko
didazu, irakurle maitea, harrigarria bezain tamalgarria dela zenbait adierazpen
zenbaitzuen ahotan entzutea.
Otegiren esanetan, “denok dakigu” nortzuk dauden
ekintza horien atzean, beraien erantzukizuna ez dela aditzera eman nahian. Agian
adierazpen honi gehitu beharko litzaiokeen beste esaldi bat da: “Denok dakigu” ekintza
horien atzean daudenek nori emango dioten botoa datozen hauteskundeetan… baldin
eta aukera politiko horretako buruzagiek aipatutako ekintzak salatzeko ausardia
erakusten ez duten bitartean.
Antzeko isiltasuna erakutsi zuten Otegik eta bere
taldekideek martxoan, Batzokien aurkako beste eraso batzuk gertatu zirenean.
Orduan, Zaldibarreko zabortegiaren ezbeharraren ondorioz, bi hildako izatearen
erantzukizuna EAJ-PNVri egotzi nahian, gure egoitzetan zaborra bota eta
pintadak egin zituzten ezezagun batzuek, jeltzaleok “hiltzailetzat” joz. Orduan
ere, erasoak gaitzesteko baino, beraien hitz egiteko eskubidea Lehendakariaren
aurka egiteko baino ez zuten erabili, salaketen jomugaren erdi-erdian jarri eta
ezbeharraren erabilera politikoa lotsagabea eginez. Eta horien ahotik entzun
behar dugu zekenak garela!
No hay comentarios:
Publicar un comentario