Kontraesankorrak
Maiatzaren
8an, duela 40 urte, Munduko Osasun Erakundeak nafarreria edo baztanga (viruela) erabat desagertutzat eman zuen ofizialki. Oso aspalditik
zetorren gaitza izanik, bere azken ehun urteetan 300 eta 500 milioi hildako
artean eragin omen zituen munduan. Azken hileotan beste gaitz kutsakor baten
aurkako borrokan hasiak gara; zorionez medikuntzak aurrerapen ikaragarriak izan
ditu eta ziur nago laster Covid-19 madarikatu hau menderatzeko modua aurkituko
dutela.
Bitartean
ezin gara geldirik egon eta, gaixotasunaren datuak hobetzen ari diren heinean, beste
aspektu batzuei ere begiratu behar diegu. Sekulakoak entzun behar izan genituen
oinarrizkotzat jotzen ez diren ekonomi jarduera guztiak erabat gelditzearen aurka
egin eta produkzioa ahal zen neurrian indarrean jarraitzea defendatzen
genuelako. Gainbehera ekonomikoa izango dena baino askoz latzagoa izan ez zedin
ahalegintzeagatik langileen osasunaren kontra egiten genuela aurpegiratu
ziguten. Aste batzuk baino ez dira igaro eta EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak
“jendearen ardura euren lanpostuak nola berreskuratu” omen dela ilustratu zigun
asteazkenean. Aleluia! Hori bai, ezker abertzaleak lehentasuna osasuna dela dionean,
langileen osasuna defendatzen omen du, baina EAJk lehentasuna osasuna dela dionean,
Confebasken interesak baino ez omen ditu defendatzen.
Eta, hara
non, egoera honek Legebiltzarrik gabe eta funtziotan dagoen Jaurlaritza batekin
harrapatu gaitu. Gure ustez, osasun eta demokrazia berme guztiak izan bezain laster
berritu beharko genituzke, aurretik ditugun erronka zailei sendotasunez ekiteko.
Uztailean udazkenean baino baldintza hobeak izango direla diote osasun adituek, eta
hortik aurreragorako utziz gero zalantzak oraindik handiagoak dira. Ekainean hondartza edo kalera normaltasun batez joango
garela pentsatzen ari bagara, handik hilabetera izango liratekeen hauteskundeak
egiteko moduan izango gara. Baina gai
honetan ere, Euskadiko oposizioko alderdiek interes ilunak antzematen dituzte
EAJ eta Lehendakariaren proposamenean. Zeintzuk diren? Udan egiten bada porrot
ekonomikora aurreratu nahi izatea; udazkenean, egoera zail honetatik ahalik eta
gehien aldendu nahi izatea; eta datorren urterako utziz gero, herriaren hitza
isilarazi nahi izatea. Goizegi, arriskutsuegi, beranduegi… Aitzakien liburuan nahi
adina eta noranzko guztietarako aukerak daude.
Oposizio
arduratsuaren eginbeharra Gobernuaren lana kontrolatu eta herritarrentzat
mesedegarriagoa izan dadila lortzea da. Oposizio arduragabearen jarduna, aldiz,
hain zuzen ere erantzukizunik ez izate horretaz baliatuta, agintarien erabaki
guztien aurka egitea izaten da, nahiz eta alternatibarik eman ez edo aste
batzuk igaro ostean norberak gauza bera esan. Abeslari baten esaldia etorri
zait burura: “Oso gustuko dut idea kontraesankorrak izatea; horrela, beti hanka
sartzen badut ere, beti dut arrazoia”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario