Ez dago akordiorik bakearen
prezioaren inguruan
Ezezkoa jaso du Juan Manuel Santosen Gobernuak eta ‘Timochenko’
ezizeneko Rodrigo Londoñoren FARC, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen erakundeak
lortutako akordioak; %62ko abstentzioarekin eta %0,5eko aldearekin, herriak ez
du berretsi adostasun hori.
Esan beharra dago, lehenengo eta behin, ez dutela jakin emaitza
aurreikusten galdeketa egin aurretik; beste alde batetik, porrot berri bat da herritarrei
galdeketak proposatzen dituzten gobernuentzat, hauek exekutiboek aurreikusten
zutena erantzuten ez dutenean. Berdin Kolonbiako bake prozesua izan, zein
Brexit edota Hungarian errefuxiatuak ardatz moduan zuena.
Kolonbiako kontsultan azpimarratzekoa izan da prozesuak
izan duen polarizazioa. Aipatzekoa da, baita ere, Hegoamerikako herrialde
honetan hauteskundeek parte hartze txikia izaten dutela jakin arren, oraingoan are
handiagoa izan dela abstentzioa. Hain garrantzitsua den prozesu honetan, honek Gobernuari
edozein erabaki hartzerakoan konfiantza nahikorik ez ematea eragiten du,
emaitza batekoa zein bestekoa izan.
Galdeketaren emaitza porrot izugarria da Santos
presidentearentzat; bake prozesua bere agintaldiaren ardatz handienetako bat
bihurtu nahi izan duelako, baina lortu duena, seguru asko, bere arerio politikoa
indartzea baino ez da izan, Centro Democrático alderdiko Alvaro Uribe, hain
zuzen ere.
Nazioarte mailako agintariak bertan zirela, irailaren
26an FARCek eta Gobernuak Bake Akordioa sinatu eta gero, munduko herrialde
gehienek lasaiago hartu zuten arnasa. Aurreikuspenen arabera, galdeketak
baiezkoa jasoko zuen bi digituko aldearekin, baina, beste behin, errealitatea
gordina dela ikusi dugu; agian gauzak ez dira egon nahikoa helduta Kolonbian sufrimendu
handia eragin duen egoera beltz hau horren azkar atzean uzteko.
52 urteren ostean; 220.000 hildakorekin, gehienak
zibilak; zazpi milioi biktimarekin, bai desagertze, bortxatze zein bahitzeen
ondorioz; eta biolentziaren eraginez zazpi milioi pertsona herrian zehar hara
eta hona ibili beharra izan ostean; herritarren zati handi batek ez ditu ontzat
ematen FARC erakundeari egin zaizkion kontzesioak.
Bakea beharrezkoa da. Horrela pentsatzen dute kolonbiar
guztiek. Baina, antza denez, asko ez daude ados bakeari jarri dioten prezioarekin.
Santos presidenteak beste erronka bat du: nola jarri ados FARC erakundea eta
atzo ezezkoa bozkatu zioten herritarrak. Ikusiko dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario