Turkiaren inguruko
eztabaida
Atsekabetu egin
ninduen atzo Turkiako Kanpo Gaietarako ministroak Europako Kontseiluaren Parlamentuko
Batzarrean egin zuen agerraldiak. Mevlüt Cavusoglu ministroak ateak zabalik
utzi zizkion bere herrian heriotza zigorra ezartzeari; atxilotutako
funtzionario guztiei terroristak direla leporatu zien, “euren funtzionario
izaera lortzeko oposaketetako azterketen lapurrak”.
Europako Batasunak
argitu behar du zer nolako harremana izan nahi duen joan den uztailaren 15ean
Estatu Kolpe baten eraginez 241 pertsona hil ziren herrialde batekin eta gaur
egun ere emergentzia egoera zorrotzean dagoena. Datu ofizialen arabera, 3.500
epaile eta fiskal baliogabetu dituzte, eta beste hainbeste egin dute 130.000
funtzionario eta langilerekin; 2.340 akademiko kaleratu dituzte, eta armadatik
beste 3.500 inguru bota. Hezkuntzarekin lotura, mila erakunde eta 15
unibertsitate itxi dituzte.
Atzo bertan
herrialde turkiarraren zenbait ordezkarirekin batzartzeko aukera izan nuen eta
Recep Tayyip Erdogan presidenteak Bruselan zabalik zituzten telebista kateak itxi
dizkietela jakinarazi zidaten. Ez da harritzekoa, datu ofizialen arabera estatu
kolpearen ostean 23 irrati kate, 45 egunkari eta 29 editorial itxi dituzten
herrian. Aipatutako ordezkariek orduz geroztik ehun kazetari baino gehiago
atxilotu dituztela ere esan zidaten, “terroristak, ez periodistak”, Cavusoglu
ministroak bere hitzaldian bota zuenaren arabera.
Mundu mailan
kazetari gehien atxilotzen duen herrialdea omen da Turkia, horregatik ez nau
harritu herritar hauen ahotik entzuteak Erdoganen Gobernuak ‘zerrenda beltzak’
osatu dituela eta bertan agertzen direnei ez zaizkiela nazioarte mailako hitzarmenak
aplikatzen nahiz eta Giza Eskubideen Hitzarmenetan jasotzen diren baldintzak betetzen
dituzten biktimak izan.
Europako Batasuna
irmoa izan behar da Turkiarekin izan nahi duen harremanari dagokionez.
Herrialdeak bizi duen egoeraren azterketa argia egin behar du eta egoera horri erantzun
koherentea eman behar dio.
Uztailaren 15ean
oposizioko alderdi politikoak Gobernuaren alde agertu ziren, baina harrez gero
18.000 atxiloketa baino gehiago gertatu dira. Zuzenbide Estatuak bidezko
epaiketak egitera behartzen du; epaiketa zuzenak, justiziazkoak. Eta Gobernuak
demokrazia eta nazioarteko legedia errespetatu eta errespetarazteko ardura eta obligazioa
dauka. Baloreak gogoan izan beharra dago: Giza Eskubideen babesa, Zuzenbide
Estatua eta Demokrazia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario