Progresistak eta ‘progreak’
Politikan hainbat topiko tipiko
agertu ohi da; tartean, demagogia kontzeptuarengandik gertu dauden hainbat
termino ere, eta politikagintzan askotan erabiltzeko ohitura dagoena. Gaurkoan,
progresismo terminoa jarriko dut aztergai.
Aurreko astean, hauteskunde osteko alderdi
politikoen arteko errondaren testuinguruan, Eduardo Maura, Podemos alderdiko arduradunetako batek erabili
zuen Radio Euskadin eginiko elkarrizketa
batetan. Hain zuzen ere, Legebiltzarreko organo gorena den Mahaiaren osaketaren
inguruan, berau "progresista" izan dadin luzatu zuen deia.
Hitz borobil hori entzun eta gero, nire
buruari galdetu nion: zer ote da progresista izatea? EAJ progresista ote da?
Podemos progresista ote da?
Politika Zientzietako fakultatean
erabilitako testu liburuak arakatu eta izandako debateak aztertu ostean balizko
ondorio batetara ailegatu nintzen: progresismoa, giza edota gizartearen
egoeraren hobekuntza eragiten duten politikak erabiltzea dela. Zenbat eta
aurrerakoiagoa izan gizartearen egoeraren hobekuntzan, orduan eta politika
progresistagoak dira; Gobernu bat izan edo alderdi politiko bat izan adjektibo
horren merezigarri.
Beraz, Alderdi Politiko batzuei
marketin edo komunikazio ikuspegi batetik "progresista" izatea gustukoa
dute. Gutxienez, izenez, irudiz edo "postureoz". Hipotesi hori ontzat
hartuta, suposatu beharra daukat Podemosek pentsatzen duela Estatu mailan osatuta
dituen gobernuak "definizioz" dauden progresistenak direla, euren
ikuspegitik behintzat. Eta Euskadiko hauteskundeetan "muturrekoa" edo
ezustekoa jaso duenean ezin du ulertu jendeak bestelako iritzirik izan dezakeela;
edo gizartearen iritziz beste alderdi politiko batzuk (EAJ, esate baterako)
gutxienez beraiek bezain "progresistak" ere badirela; harrigarria
bada ere.
Baina benetan zerbait harrigarria izan
bada, legealdi berria antolatzeko helburuarekin alderdi politiko guztien arteko
elkarrizketak hasi direnean, Podemos Legebiltzarreko Mahaiko postuez hitz egiten
hastearena izan da denak zur eta lur utzi dituena.
Arestian nioen moduan, progresismoaren
esanahia gobernuek aurrera eramaten dituzten politiketan datza, edo alderdi politikoek
proposatzen dituzten politiketan datza. Baina hitzak hitzak dira; datuek hobeto
azaltzen dute benetako egoera. Aztertu eta konpara dezagun:
Podemosentzat gobernu eredugarria
izan daitekeen bat hartuko dugu adibide gisa eta Euskadiren egoerarekin
konparatuko dugu. Alderdi ‘morearentzat’ Valentziako Autonomia Erkidegoa gestio
adibide bat da; kultura politiko berri baten ardatzetako bat. Gizarte zerbitzuak
Progresismo kontzeptuaren ardatzetako bat izanik, lehen galdera honakoa da:
zenbat gastatzen du batak (Valentziak) eta zenbat gastatzen du besteak (Euskadik)
arlo honetan?
Zerbitzu sozialetako garapen
indizeen arabera, Euskadik 611 euro zuzendu zituen pertsonako 2015ean, Valentziako
Erkidegoak 204 euro gastatu zituen bitartean. Datu enpiriko eta zehatz hori
hartuta, zein da progresistagoa, Valentziako Gobernua edo Euskadikoa?
Gauza bera egin dezakegu osasun
alorrean: 2015ean Euskadik 1.584,73 euro zuzendu zituen pertsona bakoitzeko eta
Valentziak 1.102,86; hain zuzen ere, Euskal Autonomi Erkidegoak %30 inguru
gehiago inbertitu zituela. Datu hori aztertuz, zein da zein baino
progresistagoa? Eta hezkuntza arloan antzeko zerbait gertatzen da; beraz zein
da zein baino progresistagoa?
Erkidego bakoitzak bere errealitate
propioa du. Baina politikan hasi berria den pertsona zein talde politiko bati
gutxienez hiru gauza eska dakizkioke: umiltasuna, errespetua eta lana.
No hay comentarios:
Publicar un comentario