Akordea
behar duten ahots palestinarrak
Joan den
astean hamabi urte bete ziren Palestinako Agintaritzako presidentea zen Yasser
Arafat hil zenetik. Nire iritziz, Arafat XX. mendeko buruzagi politiko garrantzitsuenetako
bat izan da, hala ere, politika munduko beste pertsonaia handi batzuei
gertatzen zaien bezala, seguruenik gehiago baloratu dute bere influentzia
eremutik kanpo, barne eremuan zalantzan jarri duten bitartean.
Mahmud
Abás-i ere horrelako zerbait gertatzen zaiola uste dut; adibide moduan, esan
genezake Palestinako herritar askok ez zutela ulertu Shimon Peresen hiletara
joan izana, Israelgo buruzagia kolonoen kokalekuak lurralde palestinarrean hedatzeko
prozesua martxan jarri zuenetako bat izan baitzen. Edozein herrialde
demokratikotan eman daitekeen egoeraren antzekoa da; gizartearen sektore
desberdinek zalantzan jartzen dituzte buruzagi politikoak; higiene
demokratikoagatik egiten da. Ona da.
Halere,
Palestinan espezifikotasun garrantzitsua ematen da: Fatah eta Hamas alderdiek esparru
politiko desberdinak ordezkatzen dituzte, euren artean etengabeko gatazkan
dauden esparruak. Hori dela eta, ahulezia egoera handian geratzen dira, eta beste
aldekoek aprobetxatu egiten dute. Esate baterako, Palestinan ez da egin Parlamentua
aukeratzeko hauteskunde demokratikorik 2006tik hona. Horrek esan nahi du,
herritarrek ezin dutela iritzirik eman euren ordezkariak hautatzerakoan, eta,
gainera, euren argudioak ahuldu egiten ditu Israelekin duten harreman gatazkatsuaren
aurrean nazioarteko zuzenbidea bete behar dela aldarrikatzerakoan.
Bi irudi
etortzen zaizkit burura Yasser Arafat gogoratzerakoan: lehenengoa, Palestinako
Agintari nagusia bere kuartel nagusian Israelgo bonbardaketari eusten; erabat
suntsituta zegoen eraikin batean baina, hala eta guztiz ere, Israelgo armada
eta gobernuaren presioari eutsiz.
Bigarren oroitzapena,
Osloko Akordioen ingurukoa da; Palestinako lurraldeetara itxaropena ekarri zuen
akordioa izan zen baina, urteek aurrera egin ahala, frustrazio handiagoa baino
ez duena eragin. Israelek ez ditu bete akordioan jasotako eginbeharrak eta,
tentsioa sortzeaz gain, buruzagi palestinarrek euren herritarren aurrean duten
posizioa ahuldu ere egin dute.
Dirudienez,
hilabete gutxi batzuk barru tokiko hauteskundeak egingo dira Zisjordanian eta Gazan;
joan den hilean egitekotan ziren, baina atzeratu egin dituzte. Argitu gabeko
zalantza asko daude hauen inguruan: Fatah-ren ustez, Hamas ahulduta dago; euren
iritziz, Gazan antzematen den baliabideen eskasia kaltegarria izango da Hamasen
Gobernuarentzat. Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina Gazan tentsio handiko
giroa dago.
Jendeak
bere iritzia eman ahal izatea ahalbidetzen duen edozein prozesu ona da, berez,
baina nire iritziz, Arafat bizirik izango balitz, lehentasun bat izango luke
bere eginkizunean: Palestinak ahots bakarra eta adostua izan dezala munduan.
Horrekin, Palestinarekiko errespetua bultzatuko luke nazioarte mailan eta,
batez ere, tresna oso garrantzitsua emango lioke: Israelekin akordioak
bilatzerakoan nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko harremanak erabili ahal
izateko legitimitate handiagoa.
Arafat
desagertu zela hamabi urte bete direnean, Palestina egoera hobean ala txarragoan
dago? Seguru asko, ez zen aldaketa nabarmenik emango; agian estrategia berriak
lantzeko garaia da, eta horretarako lehenik eta behin barrutik demokratizatu
beharra dago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario