Urkullu, lehendakari
Askotan, pertsona ezagutzeko ez da
askorik behar; keinu txikiak, hitz batzuk, nahikoak dira gizon edo emakume bat fidatzekoa
den ala ez jakiteko. Lehendakaria aspalditik ezagutzen dut, eta kargurako
aukeratu ostean egin dituen lehen keinuak bere izateko eraren isla izan dira.
Lehenik, bozeramaile guztiak agurtu
ditu; gogoan dut nola Rajoy, Estatuko Gobernuko presidente aukeratu zutenean,
bere eserlekuan geratu zen bozeramaileak berarengana joan zitezen. Lehendakaria
ez; bera joan da haiengana.
Bere lehen hitzak gizarteari eskaini
dizkio, “apal-apalik”. Izan ere, gure Lehendakaria horrelakoa da: apala. Eskerrak
ere banatu ditu, talde politikoei, gure Alderdiari eta, noski, bere familiari.
Momentu gozoa izan da lehendakariarentzat; bestelakoak ere tokatu zaizkio.
“Apal-apalik”, “akordioa”, “anitza”, “ekarpena”,
“programa bete”, “ekin lanean”, “auzolana”, “elkarlana”… Horiexek aipatu ditu
bere lehen hitzen artean. Hauek dira gure Lehendakariaren baloreak.
Pleno honetatik bi gauza nabarmenduko
nituzke: Alde batetik, talde politiko guztiek eskua luzatu dietela besteei.
Gobernuak ez dauka gehiengo osorik, beraz, era batera edo bestera, akordioak gauzatu
beharko dira. Ekonomi arloan zein gizarte arloan aurrera joko dute; dinamika on
bat hartuta dago eta gobernu programa definituta dago.
Bestalde, autogobenuaren inguruan lan
sakona eta zaila izango dute aurrera begira. Gizartea oso anitza da eta
adostasun/aniztasun joko horretan legebiltzarkideek euren trebezia erakutsi
beharko dute. Demokrazia/Legitimitate/Legalitate printzipioetan adostasunak
bilatu behar dira.
Bizikidetzaren gaiak asko
baldintzatzen du. ETAk hiltzeari utzi dio, baina Ezker Abertzaleak bere
benetako asmoak azaldu beharko ditu eta bere barnean zein jarrera lehenesten
den ere argitu beharko du. Bizikidetzari buruz, Pili Zabalak egin dezakeen
lanaren inguruan konfiantza dut; ez hainbeste Podemosengan, Pilik duen sentsibilitatearengan
baizik.
Alderdi Popularrak zein politika gauzatu
nahi duen ere ez dakigu; azkeneko urteetan indefinizioan murgilduta ibili eta
gero, Madrilen indarra galtzen ari da Euskadiko adarra. Urtetik urtera, emaitza
txarren ondorioz, Genovan pisua galtzen ari dira. Foruen defentsan azaltzen ari
dira, eta ondo dago. Foruak bai, baina nazio forala ez. Alderdi Popularrak
Euskadik duen nortasuna onartzen ez duen bitartean ez du erraz izango aurrera
egitea.
Azken hausnarketa moduan, ideia
batzuk laburbilduko ditut: Konfiantza handia duen Lehendakaria dugu; EH Bilduk
bere barnean argitu behar du etorkizuneko estrategia, nahiz eta lasaiago dagoen
Podemosen indarra neurtu ostean; Podemosek bere ahuleziak azaldu ditu; Alderdi
Popularrak Euskadi ulertu behar du.
Lau urte ditugu korapiloak askatzeko. Momentuz, badago zer
txalotu: Talde politikoek akordiorako azaldu duten jarrera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario